argia.eus
INPRIMATU
BABALORE ARTEAN
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Udaberria ala udazkena, ujalak edo izuitzeak, bero lama edo horma, artaburua bezalaxe babalorea nonahi eta noiznahi aurkituko duzu. Oraintxe da, baina, baba lore sasoia, artaburuak emango dituzten landareak ereiteko garaian baba berri samurrak jateko aukera emango diguten baba loreen sasoia.

Garai batean, Ameriketatik artoa eta babarruna ekarri baino lehenago, etxeko animali guztion urte osoko elikaduran oinarrizko jakia omen zen baba, hemen bezalaxe Mediterraneo inguru osoan eta Asia mendebaldean. Premia hauek osatu ahal izateko adina baba ereingo zen hemengo soro eta baratzetan. Gaur egun udaberriko luxuzko jakia bilakatu da. Udaberrikoaren anaitzakoa den baba beltx txikia jateko aukerarik ia inon ez denez honen gurtzarako osatutako tripontzi kofradia ere ezagutzen dut. Bada, garai batean bezala, baba lorea edertasunaren eta oparotasunaren adierazle gisa erabiltzen ez diot inori aditzen, bai aldiz ergel edo koitaduari deitzeko. Izan ere, denak sartzeko adina paperik ez nuke izango eta ez dut izenik aipatuko, baina askorentzako egokia izateaz gain eder askoa da, izan: baba lore alaena!