argia.eus
INPRIMATU
ARAMAIO
  • Udalerriko auzo guztietan euskal baserri atlantiko estiloko etxeak ikus ditzakegu, baita auzo bakoitzaren baselizak ere. Mendi ibilaldiez aparte, Aramaioko haranean auzo txiki bezain erakargarri hauen bisita egin dezakegu arlo ezezagun eta harrigarri asko deskubrituz. Aramaiori eskainitako atal honekin batera, datozen astetan Zuiako eskualdea erakutsiko digun artikulu sortari ekingo diogu.
IƱigo Txintxurreta 2021eko uztailaren 16a

ARAMAIOKO HISTORIA

Arteaga eta Muxika etxeko jaunak izan ziren Aramaioko jabeak. Geroxeago Butroe etxearena izatera pasatu zen, Maria Alonso de Muxika eta Gomez Gonzalez Butroekoen arteko ezkontzagatik.

Ahaide Nagusien arteko gerretan Aramaion oso borroka sonatua gertatu zen 1443an. Gomez Gonzalez Butroek egindako probokazioari erantzunez, Pedro Abendañokoa eta bere lagunak Legutianotik Aramaion sartu ziren hogei etxe erretzeko asmoz, Mendiolako dorrea barne, bere jauna bertan ez zegoela aprobetxatuz. Abendañokoak lapurretan eta arpilatze gordinean zirela, Joanes Mendiolakoa Aramaion agertu zen bere indar guztiekin. Nahiz eta Abendañokoak Arratondoko atakatik ihesean atera, Mendiolakoaren jazarpenagatik Abendañoko bost lagun hilik suertatu ziren.

Gertaera hau orrialdeon goian transkribatzen dugun "Aramaioko kantua"n jasota gelditu zen, Abendañokoen ihesi desesperatua deskribatzen zelarik bertan.

Aramaio Bizkaiko jaurerriarena izan zen XV. mende bukaera arte. 1489ko urtarrilaren 9an Araba barnean gelditu zen, herria eta probintziaren arteko idatziaren bidez. Idatzian ordura arteko zergak baino arinagoak aurrerantzean ordaindu beharko zirela zehazten bada ere, bategitea kaltegarria suertatu zen aramaiotarrentzat.

Foruetan jasotako askatasunaz gozatu ordez, Aramaioko biztanleek jaunen gehiegikeriak pairatu zituzten. Butroe eta Muxikako etxeak batu zirenean, bailararen jabeak bilakatu ziren, larderia osoz jokatuz. Barajuengo gazteluko jaunek Aramaioko emakumeak haiekin gaua pasatzera behartzen zituzten adibidez, haien senar edo gurasoak almena batetik urkatzeko mehatxupean gainera. Neurrigabekeria hauen aurrean Aramaioko biztanleek kexa aurkeztu zuten Errege Katolikoen aurrean. Gertakariak egiaztatu ondoren Barajuengo gaztelua suntsitzeko agindua eman zuten.

Orixoleko mendebaleko isurialdean Santa Kutz izeneko kobazuloa irekitzen da. Kondairak dioen bezala, bertan ezkutatu zen Santa Kruz apaiz gerlari famatua, Aramaioko kartzelatik itzuri egin ondoren.


ZER BISITATU

Gaur egun 25 baseliza baino gehiago dago Aramaioko bailaran barreiatuta. Horietako batzuk aurrietan badaude ere, beste asko egoera bikainean mantentzen dira, baselizen ibilbide polita osatuz. Oso eraikuntza sinpleak dira, txikiak eta apaingarri artistikorik gabekoak. Baina bere xumetasunean, bailarako biztanleen debozioa jasotzen dute, gurtza-leku garrantzitsuak bilakatuz.

Deboziorik handiena jasotzen duena Ibabeko Andre Maria baseliza da, Gantzaga auzorako bidetik ikus dezakeguna. Aramaioko Jauntxoen Kofradiak zaindu du XVI. mendeko baseliza dotore hau. Ingurune ederrean kokatuta egonik, bere ondoan atseden gunea ere aurkituko dugu.

Marixekako baseliza ere gurtza leku garrantzitsua da. Legutianotik gatozela aurkituko dugu Albinako urtegiaren ondoan. XVI. mendeko baseliza honetan erromeria egiten da irailaren lehenengo igandean, oso jai animatua eta ospetsua inguruko herrietako biztanleen artean. Bertan ere beste atseden gunea badago.

Krutzeta gainetik hurbil, San Kristobaleko baseliza topatuko dugu. Landa eder batean dago eta Aramaioko haran aldetik ikuspegi zoragarriak eskaintzen dizkigu. Baseliza hau ere XVI. mendekoa da eta bertan erromeria uztailaren bigarren igandean egiten da.

Haraneko baselizarik txikiena Etxagueneko auzoan izango dugu, San Miguelekoa, hain zuzen ere. Bere estruktura bitxia da oso, zurezko gurutze-ganga batek estaltzen baitu nabea. Baselizaren aurrean Uribarren baserria ere nahiko berezia da, arkuak, leihoak eta zubi txiki bat baititu. Arejolako elizak ere egurrez egindako ganga dauka eta Etxaguengoarekin batera berezitasun hau daukaten Arabako eliza bakarrak dira.

Baselizez gain, udalerriko auzo guztietan euskal baserri atlantiarren estiloko etxeak topatuko ditugu. Bertako leinuen sorlekua diren baserri hauetako askok 200 eta 300 urte dauzkate. Zoritxarrez, behialako dorretxea galdu da, eraikinak baserriko beharretara egokitu zirelako.

Barajuen auzoan Torraldeko gaztelua altxatzen da, Butroe eta Muxika jaunen etxea izan zena, hain zuzen ere.

Haraneko hiriburua den Ibarra auzoko plazan hiru eraikin garrantzitsuak ikus ditzakegu. Vicente Goikoetxea musikari ospetsuak izena ematen dio plazari, bizi zen etxea bertan dago eta. Bere omenez eraikitako oroigarria ere badago La Bañera izeneko parkean.

Bigarren eraikin inportantea 1742 eta 1746 urteen bitartean eraikitako Udaletxea da. Azkenik, Sastiña izeneko baseliza dotorea Udaletxe aurrean kokatzen da. Bere inguruan Ibarra auzo osoa eratu zen eta aurreko enparantzan feriak eta azokak egiten ziren behialean.

Haranetik kanpo eta Arangioko mendikatearen bestaldean, Olaeta auzoa geratzen da. Bertan aurki dezakegu Arabako elizatari korrituzko arkupedun parrokia bakarra. Hala ere, Olaetako biztanleak guztiz harro daude zubiaren ondoan altxatzen den gurutzeaz. XVIII. mendekoa da eta irudiz beteta dago.

Deskribatu dugun Aramaioko monumentuen ibilbidea interesgarria bada ere, are zirraragarriagoa da inguruko mendietarako igoera. Orixol mendiko tontorreraino modu errazean igo daiteke San Kristobal baselizatik sortzen den bidetik. Ipizte, Zabalandiko lepoa edota Anbotora igotzeko abiapunturik aproposena Gantzaga auzoa da. Ibilbide hauetan guztietan ikuspegi zoragarria izango dugu Aramaioko haranaren gainean, pagadi sakonak eta kareharrizko paraje bortitzak zeharkatzen ditugun bitartean

Aramaioko kanta
Yzarragati gora elcian joeala
Jaun Peru Abendañococ esala:
Oñetaco lurrau jauil ikara,
Gorpuceco lau araguioc berala.
Oi aldioneri albanegui empara,
Barriz enendorque Aramaioco contrara.
Mendiola, yl deustac Gasto Apala,
Bere lagunzat beste asco ditubala.

Informazio Praktikoa
Non Jan:
- Iturrieta sagardotegia (Arraga)
945 445 385
- Goiko taberna (Ibarra) 945 445 014
- Añai erretegia (Ibarra) 945 445 101
- Anboto askaldegia (Ibarra)
945 445 360
- Dukiena jatetxea (Azkoaga)
945 445 086
- Iparralde askaldegia (Barajuen)
945 445 151
- Unzueta jatetxea (Zabola) 945 445 095
- Goikoetxea jatetxea (Olaeta)
945 450 171
- Obena jatetxea (Olaeta) 945 461 473
- Herriko taberna (Olaeta) 945 450 363

Non lo egin:
- Etxebarri Nekazaletxea (Olaeta)
945 450 123
- Muru Nekazaletxea (Gantzaga)
945 445 365
- Unzueta Nekazaletxea (Zabola)
945 445 095
- Uxarte Nekazaletxea (Untzilla)
945 445 146