Karlos Aizpuruak honakoa idatzi zuen «Egunero»n:
« (...) Nor izatea xerkatzen duen bertsolariak gaia bere ikuspegi propiora egokituko du. Ez da gaiaren mirabe; gaia esan nahi duena esateko aitzakia baizik ez baita. Nor izatea bilatzen ez duen bertsolariak, esan beharrekoa esaten duenak, ez du joko gaia egokitzera. Aitzitik, bera egokituko zaio gaiari; gaia kontsumitu egingo du, gu hunkitzearren esan behar dena esanez. Bertsolariak nor izan behar badu, menturaz, bertsolari izatea gaitzagoa dateke. Errazena gaia entzun eta gero, esan behar dena esatea da, edo hitz joko batzuk egitea edo momentuan ederki ematen duen beste norbaiten zita borobil bat botatzea. Hezkuntza, hedabide edo tradizioak dioenetik at norberak pentsatzen duena (pentsatzen badu!) botatzea zailagoa da. Horregatik, teknikoki bikaina den bertsolaria ordezka daiteke. Aldiz, barrutik ari den bertsolaria ordezkaezina da. Dantzan, txistuan eta beste kultur esparruetan bezala, bertsolaritzan ere teknikaren gailurrera heldu gara, baina badirudi horrek hoztasuna ekarri diola mamiari, esateari, nor izateari. Nor izatea bertsoaren teknika gainditzen duen zerbait da. Teknikoki arras bertso ona dena ez zaigu iritsiko, oso bertso ona izanik ere, bertsoaren atzean pertsona sumatzen ez badugu. Eta alderantziz: teknikoki hain ona ez den bertso batek era bateko edo besteko zirrararik eragingo digu bertsoaren atzean nor bat sumatzen badugu (...)».