Oraindik Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museoaren inaugurazio data finkatzeke dagoela, arduradunek «progresiboki» zabalduko dela iragarri badute ere, dagoeneko museoaren egituraren berri eman dute. Oteizaren etxe-tailerraren beheko solairuan harrera kokatu dute. Goian, batetik artistak bildutako 4.000 liburuz osatutako liburutegia dago. Lan mahaia eta arbelak ere goiko solairuan izango dira eta bertako dokumentuak tarteka berritzeko asmoa dute. Sukaldea eta logela ere ikusgai izango dira.
Etxetik irten eta berau eta museoaren eraikin berria, Saenz de Oizaren eraikina, lotzen dituen patiora iritsiko da bisitaria. Bertan Oteizaren eskulturaren bat eta informazio panelak ipintzea aurreikusita dago. Handik nabe zentralera pasako da eta bertan Oteizaren eskultura erlijioso eta figuratiboenak jaso nahi dira. Aurrerago beste areto batean abstrakziora iritsiko da bisitaria, obra plastikoa eta dokumentazioa tartekatuko direlarik. Lorategia zeharkatu eta dokumentazio zentroa egongo da.
Pasarela baten bidez goiko aretoetara jo ahal izango du publikoak. Bertan izango da Oteizaren igeltso laboratorioa. Han egongo da, halaber, ekitaldi aretoa eta hainbat eskultura jasoko dituen terraza.
Eskultura fisikoez gain, zirkuitoan zehar proiekzio eta irudi birtualekin jokatuko dutela iragarri dute Fundazioko arduradunek.
Apirilean zabalduz gero, 80 pieza inguru egongo lirateke bertan paratuta. Ekainerako 100 piezatara iritsi nahi dute eta irailean 160 artelanetara iritsi eta oriotarraren erakusketa antologiko zabal bat irekitzeko asmoa azaldu dute