argia.eus
INPRIMATU
BW, LIKIDAZIOAN
Daniel Udalaitz 2003ko apirilaren 20a
AEBek, Blair eta Aznarren laguntzarekin, Iraken aurkako erasoa hasi zutenetik, "atzeraldi ekonomikoa" terminoa entzun dugu hainbatetan eta hurrengo asteetan ere entzungo dugu. Inbasioaren amaieraren ziurgabetasunak alarma guztiak piztu ditu eta analistek eta baita nazioarteko erakundeek ere atzeraldi ekonomikoaren hasiera data zehaztu dute: urteko bigarren seihilekoa. Egoera hau lan merkatuan eta pentsio sisteman erreforma zorrotzak aldarrikatzeko baliatzen ari dira jada nazioarteko erakundeak. Orain astebete egin zuen jada Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE): erretiroa atzeratzea, pentsioaren kalkulua egitea lan bizitza osoa kontuan hartuta eta ez azken 15 urteetan izandako diru sarreren arabera, kaleratzea are gehiago merketzea, eta gizarte babesa gutxitzea. Egun hauetan Nazioarteko Moneta Funtsaren eta Munduko Bankuaren batzarrak bilduko dira. Eta euren mezuak ELGEk igorritakoen antzekoak izango dira. Inbasio gerra batean sartu gaituzte, gure borondatearen aurka, eta orain langileek haren ondorio ekonomikoak jasan ditzagun nahi dute