Ogia behar zuenean gureak ez bezala Kastillara joaten zen hura. Gureen aldean, hura ausarta genuen bidaiatze kontuan eta etxetik urruntzeari batere beldurrik ez ziona. Poesiarako ere gaia ematen zuena zen hura, bere biloba Mikel Azurmendik frogatu zigunez Imanol Larzabalek egin kantuan. Frankismo garaiak ziren eta Azurmendi antifrankista. ETAkoa izan zela diote. Eta aitonaren bilobak ere, bere bidaiari zaletasuna erakutsi zigun gaztetan Parisen eman baitzituen antifrankismoaren urte emankorrenak poesia eta guzti. Ez nuen pertsonalki ezagutu, baina belarriz dezente. Konspiratzailearen fama zuen etxean. Bere urruneko talaiatik aritzen omen zen bertan borrokatzen zirenei irakaspenak ematen. Bere iritzitan ausarta, demokrataren kurrikuluma ederki gizenduta etxeratu zen Franko hil ondoan. Apaiztegitik ihes egin behar izan zuena, intelektuala bilakatua. Geroztik ez dio inoiz utzi kurrikuluma gizentzeari. Demokrazian sakontzea xede, Espainiako demokrata erradikalen eredu eta ikur izan nahi lukeenak, aurkitu du bere lekua PPn, eta hautagai sinbolikoa izateko erabakia hartu du. Poesia hitzetan baino bizi jarreran du orain, bere Segurako aitonaren pozerako. Hura bezala, hau ere ogibidean dabil etxetik urrun. Honen kasuan etxekoak bakean utzi gabe