Joan den irailean Ibarretxe lehendakariak luzatu zuen proposamen politikoari buruzko iritzia eskatu didate. Proposamenari buruz esan beharreko lehenengo gauza, alde batekoa dela, hots, ez duela gure herriaren eskubide nazionalak aitortzen dituzten indarren adostasuna jasotzen, are gehiago, adostasun hori -ziurrenik une honetan posible ez dena- ez da bilatu ere egin. Egoera honek Lizarra-Garaziko fasean alferrik galdutako aukerak gogorarazten dizkigu. Izan ere, 1998ko irailean Euskal Herriko indar politiko, sindikatu, gizarte mugimendu eta talde anitzek sinatu genuen adierazpena gatazkaren konponbideari buruzko oinarrizko adostasun baten isla zen, euskal gatazkaren irtenbide demokratikoaren aldeko hautua egiten zutenen arteko hurbilketaren akta jasotzen zuen.
Baina, agiri hori adostu ostean, eragileen arteko lankidetza ez zen sakondu eta adierazpena hankamotz geratu zitzaigun. Nire irudiko, Lizarra-Garaziko printzipioak garatu eta aurrerantzean egitekoa zen bidea nola egin -oinarri politikoetan ados gauden guztiok onar ditzakegun gutxieneko batzuk- erabaki beharra zegoen, baina ez ginen gauza izan, edo ez ginen horretara jarri. Bakoitza gehiago saiatu zen norbere esparrua zabaltzen eta indartzen, epe luzeagorako gutxieneko adostasunak lantzen baino.
Ondorioz, urte luzea igarota ETAk su-etena hausteko erabakia iragarri zuenean, Lizarran adierazpena sinatu zeneko une beretsuan geunden, gatazkaren konponbide aldera edo burujabetza proiektu bat garatzera eraman gintzakeen funtsezko aurrerapenik gabe. Badirudi burujabetzaren helburuan ados diren indarren artean sakoneko zatiketa zegoelako gertatu zela hori, abertzaleen arteko nagusitasuna lortzeko bi familia edo multzo nagusik -egungo esparru politikoa inoiz onartu ez duena, bata, eta bere garaian onartuagatik aldatu nahi duena, bestea- lehian zihardutelako. Kontuak kontu, lehia elkarlanari nagusitu zitzaion eta abertzalegoaren bi familia politikoak elkarrekin aritzeko gauza izan ziren une «magiko» hura erabat zapuztu zen. Eta harrezkero gauzek okerrera besterik ez dute egin.
Ordutik hona, abertzaleen ordezkari bakar izateko asmo horretan sektore biek luzatu dizkiote euskal gizarteari proposamenak, euskal gizartearen atxikimendua bai baina beste indarren oniritzia edo lankidetzarako bilatzen ez zutenak.
Horietako bat izan zen hainbat hiletako lanaren ostean autogobernuaren egoera aztertzeko batzordeak egin zuen txostenari buruzko ebazpena, EAEko Legebiltzarrean 2002ko uztailaren 12an ñabardura batekin onartu zena: ezker abertzalearen abstentzioa beharrezkoa izanik, badirudi ebazpenak bere azken zatian joera politiko haren ekarpen batzuk jaso zituela.
ELAk erabaki politiko hura garrantzi handikotzat jo zuen orduan, gatazka politikoaren konponbide prozesurako ezinbesteko oinarriak biltzen baitzituen: «Euskal Herria subjektu politikoa dela aitortzea, lurraldetasun printzipioa, autodeterminazio eskubidea eta etorkizunean edozein itunek berme osoa izan behar duela». Halaber, sindikatua bat zetorren ebazpenak salatzen zuenarekin: «hainbat indar politikok, estatuko erakunde, hedabide eta erakunde sindikalen eta enpresarialen lankidetzaz autogobernuaren esparruan erabili izan duten beto eskubidea». Azkenik, ELAren aburuz Eusko Legebiltzarrak gizartearen inplikazioa eta parte hartzea lortzen saiatu behar zuen, ebazpenean aipatzen zen moduko prozesu batek izan zezakeen aktiborik garrantzitsuena horixe baitzen.
Tamalez, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburuk, Ibarretxerengandik oso gertuko agertzen direnek, hurrengo asteetan behin eta berriro esparru juridikoarekiko atxikimendu eta mendekotasuna azpimarratuz egindako adierazpenetan, Legebiltzarraren ebazpenaren oso bestelako doinua entzuten genuen.
Uda igarota, Batasunaren ilegalizazio prozesua abiatu zelarik, eta Garzon epaileak hura bertan behera uztea agindu ondoren, Ibarretxek bere plana aurkeztu zuen irailaren 27an, mugarri politiko berria izan zitekeena, aipatzen zituen prozedura eta helburuei begiratuz gero, eta eztabaida politikoan aurrera egiteko modua ematen zuena. Proposamena gauzatuko balitz, botere autonomoa duen nazio bat genuke, egungo status eskasa baino egokiagoa. Ibarretxek berak lehen pertsonan aurkeztu zuen proposamen honek -uztailaren 12an Legebiltzarrean izan arren, lehendakariak ez zuen txintik esan- uztaileko ebazpena zehaztea eta gauzatzea zuen helburu, baina edukietan, eta oso nabarmen gizartearen parte hartzeari dagokionez, iraileko proposamenak uztaileko ebazpena murrizten zuen.
Halere, lehendakariaren proposamenak oso kontuan hartzeko ekarpenak zituen, eta batez ere eztabaida politikoa eszenategi berri batetan kokatzeko aukera irekitzen zuen, betiere Lizarra-Garaziko indarrek lehendakariaren proposamena eztabaidaren abiapuntutzat hartuta, baldin eta sintesi berri bat bilatzeko dialektikari ekiten bazitzaion.
ELArentzat testuak hutsune nabarmenak zituen: indarrean dagoen legeriarekiko errespetua behin eta berriz azpimarratzea, lurraldetasunari buruzko estrategia eza, balizko erreferendumaren eduki eta uneari buruzko zalantzak, etab. Baina Ibarretxeren proposamenen benetakotasuna frogatzeko, guretzat bi kontu ziren batez ere argitu beharrekoak: zein aliantza politiko aurreikusten ditu eta lantzeko asmoa du lehendakariak bere plana onartua izan dadin, eta zein dinamika sozial bultzako duen bere proposamenaren alde.
Aliantza politikoei dagokienez, hasieratik oso garbi utzi zuen Ibarretxek ez duela ezker abertzalea kontuan hartzen, ez behintzat gaurko egoeran, eta egoera hobetuko denik pentsatzeko ez dago arrazoirik. Beste aliantza batzuk ere -existitzen ez den PSE «vasquista» batekin, esaterako- ez dira epe laburrera aurreikusten.
Aliantza eta dinamika sozialei buruz, berriz, lehendakaria iritzi publikoa irabazten saiatu da. Gizarteko talde antolatuekin, berriz, protokolo hutsezko bilerak egin ostean, ez du, guk dakigunez, harreman gehiagorik izan. Badirudi lehendakariak beste inork baldintzatu eta esku hartu gabe kudeatu nahi duela bere proposamena, edukian nahiz pauso eta abiaduran. Eta noski, ikuspegi horretatik askoz ere egokiagoa da etxeetara gutunak bidali eta herritarren iradokizunak jasotzeko web guneak zabaltzea, eragile sozial eta politikoekin bildu eta adostasunak lortzen saiatzea baino. Ulertzekoa da, beraz, propagandak elkarrizketaren lekua hartu izana.
Ez dut lehendakariaren ekimenaren zilegitasuna ukatzen. Estatuaren eta aliantza espainoleko alderdien ezpataren eta ETAren indarkeriaren hormaren artean harrapatuta, ezinbestekoa zuen ziurrenik horrelako zerbait atakatik atera eta ekimen politikoa berreskuratzeko; hori bete-betean lortu du. Estatutik esan diren gehiegikeriek Ibarretxe indartu besterik ez dute egin. Bestalde, ezker abertzalea ez da proposamenari heldu eta berori dialektikoki garatu eta konpromisoak hartzera behartzeko gauza izan. Batzuk nahiz besteek bere-beretzat utzi diote Ibarretxeri politikariek hain maite duten erdiko esparrua.
Baina lehendakariaren bizikidetza eta gizartearen normalizaziorako proposamenak ez ditu bere izenburuan aldarrikatzen dituen helburuak lortu. Eta ez du ematen lortzeko gauza izango denik, alde batekotasuna utzi eta eduki nahiz lan-moldeei dagokienez beste indar politiko eta sozialekin adostasunak lortzeko aukera eta borondatea ez dagoen artean bederen.