Arazoak izan ohi ditu irakasle batek baino gehiagok arbelean idazten duen adierazpen matematiko izugarri konplexua euskaraz irakurri ahal izateko. Esparru honetako hiru aditu "Zientzia eta teknikarako euskara" liburua idazteko bildu dira: Martxel Ensunza, Jose Ramon Etxebarria eta Jazinto Iturbe. Ez da linguistentzat idatzitako liburua, zientzia eta teknikaren eremuan euskaraz lan eta ikasten duten pertsonei egunero sortzen zaizkien arazoak konpontzea helburu duen eskuliburua baizik. Adierazpen matematikoak nola idatzi eta irakurri diren aztertu eta gomendio batzuk proposatzen ditu. Atal historiko bat ere badu, euskarak arlo hauetan izan duen bilakaera kontatzen duena.
Bi atal nagusi ditu liburuak. Lehenengoak, zientzia eta teknikan etengabe agertzen diren ikur eta zeinu matematikoak hizkuntza arruntaren barnean txertatzen ditugunean sortzen diren arazoak aztertzen ditu. Azken batean, adierazpen matematikoak modu sistematikoan nola idatzi eta irakurri gomendatzen du. Bigarren atala kontsultarako prestatu dute eta horregatik biltzen ditu katalogo moduko eranskinak. Eranskin hauetan, euskara zientifiko eta teknikoaren ezaugarriak aztertzeaz gain, era laburrean, lexiko sorkuntzarako bideak eta adjektibo erreferentzialen problematika aztertzen dira eta hainbat arazo konkreturi irtenbide praktiko bat ere ematen zaie.
Liburua idazterakoan zientzia eta teknika euskaraz egunero lantzen ari diren ikasle, irakasle eta ikertzaileak izan dituzte gogoan. Lehenik eta batez ere ,Unibertsitateko ikasleak; bigarren, gaur egun eskola, ikastola eta institutuetan irakasle direnak eta baita Unibertsitateko irakasleak ere. Hauek guztiek lana euskaraz egokiro egin ahal izan dezaten lan tresna erabilgarria eta praktikoa prestatu nahi izan dute, ideia zientifiko eta teknikoak garatzeko orduan hizkuntza oztopo izan ez dezaten.
EREDU FINKO BATEN BILA.
Inguruko hizkuntza "kultuak" deitzen direnetan aspalditik izan dute eskolatik barneratutako eredu finko, garbi eta koherentea. Euskaraz ez da orain arte eratu, baina hala ere hizkuntza zientifikoa oso bateratua izan da betidanik. Euskaraz zientziaren eta teknikaren irakaskuntza eremuan jardun dutenak ez dira hainbeste izan eta hauen artean erabaki komunak hartu izan dituzte terminologiari dagokionean. "Hizkuntzak biziak direnez etengabeko aldaketa jasaten dute, baina irizpide orokorrak zeintzuk ziren beti izan dugu argi, estilo bat existitzen da eta oso argia da", azaldu digu Jose Ramon Etxebarriak.
XX. mendearen hasieratik hainbat ahalegin egin dira norabide honetan eta ahalegin horiek oso kontuan hartu dituzte liburu honen egileek, horietan oinarritu baitira eta baita lankideek eginiko ekarpenetan, noski. Saio horien artean, agian garrantzitsuena, duela 19 urte Martxel Ensunzak argitaratutako liburua izan da, "Alfabetatze Zientifikoa. Zenbakiak/ unitateak/ irakurketa/ eragiketak/ esamoldeak". Liburu hark bere bidea egin zuen garai hartan, baina agortuta zegoen jada. Han irekitako eremuak gehiago landuz, zabalduz eta osatuz, ordukoa eraberritzen saiatu dira.
ERABILGARRIA OSO.
Egileetariko bakoitzak bazuen jada zerbait aurreraturik. Jose Ramon Etxebarriak "Garatu" plangintzaren bidetik, hainbat ikastaro emanak zituen gai honen inguruan eta ikasleek oso gustura hartu ohi zituzten apunte batzuk zituen idatzirik. Martxel Ensunzak ere, Zientzia Fakultatean euskara teknikoa irakasgaia ematen duenez, bazuen hainbat material bildua.
Izerdia erruz bota dutela aitortu digu Etxebarriak, baina atseginez botatako izerdia izan dela ere. Lan hau egileen buruetan zegoen aspalditik eta berak esan digunaren arabera, funtsean, buruan zuten hori paperera eramatea izan da egin dutena. Kezka oso aspalditik zuten eta motibazio handiz lan egin dute. Liburuak izan duen erantzunarekin oso pozik daude; izan ere, liburuak zabalkunde handia izan du eta jakintza arlo hauetan dihardutenek oso erabilgarri gertatzen ari zaiela aitortu omen diete.
Etxebarriak hizkuntza guztiek edozer gauzari buruz jarduteko berezko gaitasuna dutela uste du eta ez die jaramon handirik egiten historian zehar eta baita gaur egun ere, euskarak, zenbait gai jorratzeko gaitasunik ez duela esaten dutenei. Berandu samar iritsi den arren, inguruko hizkuntzek bezala euskarak ere badu orain oinarri finko eta arautua, euskara zientzia eta teknika arloetan normaltasun osoz erabili ahal izan dadin