argia.eus
INPRIMATU
PRINTZA
2021eko uztailaren 19a
Felipe Juaristik honakoa zioen «Beterriko liburua» aldizkarian:
« (...) Egungo euskal literaturan oso sortzaile onak daudela uste dut. Literatur maila une honetan irakurlearen maila baino handiagoa dela esango nuke. Normalizazioaren bidean, sortzaileak daude batetik, eta sortzailearen lana hartzen duena bestetik. Memento honetan sortzailearen maila oso handia da eta hartzailearena oso txikia. (...) Literatura txikiek arazo handiak dituzte garatzeko; literatura txikiak ez dira garatuko ez badute lortzen horrelako lotura bat sortzaile eta hartzaileen artean. Literatura ona egiten den arren, oihartzun gutxi izaten du. (...) Har ditzagun adibide moduan Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria edo Koldo Izagirre, edozein literaturatan tokia izango luketen idazleak. Gertatzen dena da edozein literaturatan tokia izango luketen horien liburuak ez dituela edozeinek irakurtzen, beste literaturetan gertatzen den bezala. Literatura txikien arazo hori konpondu beharra dago, bestela literatura hil egingo da edo sortzaile handi horiek beste hizkuntzatan gero eta sarriago argitaratzen hasiko dira. Nik somatzen dut idazlea bere lanarekin gustura dagoela, berak nahi duen hizkuntzatan idatzi behar du idazleak. Gure kasuan, euskaraz idazteko behar moral bat badugula uste dut, baina gizarteak horri erantzun egin behar dio (...)».