argia.eus
INPRIMATU
MILA BELDARRAIN: "BENETAKO DATU HISTORIKOA KONTATZEN DUT ‘ENIGMAN’"
Pilar Iparragirre 2003ko martxoaren 23a
Nola bururatu zitzaizun "Enigma" idaztea?
Irakurle amorratua naiz ni, eta halako batean, historian murgildu eta oso gutxi ezagutzen den gai batekin egin nuen topo. Alegia, enigma deituriko deskodeketa makinen historiarekin. Alemaniarren mezuak deszifratzeko erabili ziren makina horiek. Erresistentziako koronel frantziar batek, alemaniar espioi baten laguntzaz, kriptografo espainiarrak eta poloniarrak osatutako taldea erabili ohi zuen armada alemaniarren mezuak deskodetzeko. Hori benetan gertatua da, DonostiakoUdal Liburutegian aurkitu nuen nik Bertrand koronel berak enigma makinez idatzitako liburua, eta handik atera nituen nire libururako hainbat datu. Jakina, nobelako besteak neuk asmatutakoak dira.

Armada alemaniarrak Paris hartu zuenekoa barne?
Bai eta ez. Izan ere, asko hitz egin da alemanen inbasioaz, baina oso gutxi ordura arte Parisen gertatzen zenaz. Adibidez, zer egin zuten paristarrek bat-batean armada alemaniarra beren hiriko kaleetatik sartzen eta guztiaz jabetzen ikusi zutenean? Bada, ni mundu hori irudikatzen saiatu naiz nobela honetan.

Donostiako giroa ere azaltzen duzu. Zertan oinarriturik?
Hainbeste iheslari judu edota antifaszista muga pasa nahiean zebiltzan garaian, espioitzarako-eta, duda gabe oso enklabe garrantzitsuak izan behar zuten bai Irun eta bai Donostia. Bestalde, botere erakusketa eta mutur-sartze franko egongo zen ere bertako kafetegi eta hoteletan, nik uste, Gerra irabazi berri zutenen aldetik. Eta horixe da "Enigma"n kontatzen dudana: benetako datu historiko bat, eta armada alemaniarrak Paris hartu eta Hendaiaraino iritsi zenean han-hemen bizi izan zitekeen giroa.