argia.eus
INPRIMATU
Aiako Landare Berezien Azoka
2003ko martxoaren 23a
Martxoaren lehenengo asteburuan, landare berezien lehenengo azoka egin zen Aiako Iturrarango Lorategi Botanikoan. Euskal Herria, Frantzia eta Holandatik etorritako mintegi zaleek landareen aukera zabala eskaini zuten, eta bildu zen jendetzak nahi adina landare erosteko aukera izan zuen euren balkoiak mimoz apaintzeko. Hogeita hamar inguru mintegi zale bildu ziren eta hauek ia laborategi lanen modura, espezieen inguruko barietateak garatzen eta berreskuratzen espezializatuta daude. Loredun landare ikusgarriak topa zitezkeen. Adibide asko bururatzen zaizkigu: kameliak, azaleak, orkideak, lirioak, "paradisuko hegaztia" deitzen zaien landare loredun ederrak…eta baita bestelakorik ere, usaindunak esaterako, labanda, erromeroa eta menta, adibidez. Zuhaitz eta zuhaixketan ere aukerarik bazegoen, baita fruta-arbolak edo bonsaiak ere.

Aiako inguruneak ere paisaje ezin hobea eskaintzen du, Lorategi Botanikoa Pagoetako Parke Naturalaren bihotzean kokatuta baitago. Interpretazio zentro modura erabiltzen den Iturraran baserriaren ingurumarian, lorategia dago. 2.500 landare espezie inguru biltzen dira, munduko puntu ezberdinetan topa daitezkeen espezieak. Batez ere zuhaitz eta zuhaixkak dira.
Pagoetako Parke Naturalak natura eta kultura kontu handiz uztartzen ditu. Giza presioa hain nabarmena izan ez den ingurune batean elkar lotzen da dena. Batetik, bere baso aberatsek animalia espezie ugari gordetzen dituzte sekretupean. Egin berri dituzten orein eta orkatzen sartzapenak arrakasta osoa izan dute. Agorregiko burdinoletara bisita egitea ezinbestekoa da, burdinola martxan ikusteko aukera ere izaten baita. Ingurunea ondo egokitua dago bisitarientzat, ibilbideek eta aisialdirako guneek aukera asko ematen dituzte