argia.eus
INPRIMATU
LITERATURA EROTIKOAREN GATZA ETA BERAKATZA
Juan Martin Elexpuru 2003ko martxoaren 16a
Literatura erotikoaren kalitatea neurtzeko termometroa sabelpean dagoela esan ohi da: izter-urkila ingurua asaldatzea edo hezetzea lortzen duen testua ona da, ez duena txarra. Ezin ukatu neurgailu objektiboa dela, objektiboegia agian literatura bezalako arte eder batentzat, baina komediak edo izuzko filmeak ere barre eragiteko edo beldurtzeko gaitasunarengatik neurtzen dira gehienbat, eta inor ez da horregatik harritzen.

Sexologo eta hezitzaileek beste gaitasun batzuk eskatzen dizkiote literatura erotikoari: "Badakigu, diote, besteek nola jaten, eztabaidatzen edo lan egiten duten, baina ez dakigu zer egiten duten beren adiskideekin bakarrean daudenean, nola jotzen duten larrua, alegia. Eta honek ezinegon handia sortzen dio gizakiari. Literatura erotikoak lagun diezaguke horren berri ematen eta tentsio hori arintzen. Aniztasun sexualaren kontzientzia hedatzeko ere balio dezake: homosexualitatea, bisexualitatea, aho-estimulazioa, sodomia, sado- masokismoa... ezagutzen eta ulertzen. Eta zenbaiti anatomiaren berri emateko ere ez da txarto etorriko: klitorisa, pinporta ezezagun hori. Eta tamainuari eta kopuruari garrantzirik ez ematen eta samurtasunari eta beroketa lanei ematen laguntzen badu bide batez...».

Eta bai, horretan guztian lagun dezake apur bat literatura erotikoak, baina lagundu bakarrik, literatura erotikoa literatura baita lehenik, eta gero agian sexologia.

Literaturaren funtsa eta handitasuna, Kunderak dioen bezala, pertsonaren beldurrak, fantasiak, korapiloak, grinak azaltzean eta aztertzean datza; ez psikologiak, ez soziologiak, ez sexologiak, ez beste ezein disziplinak egin dezakeen gauza, bestalde. Eta esan beharrik ez literatura erotikoa beste edozein genero bezain zaila edo zailagoa dela idazteko. Bideo pornoen aroan, ez dago gauza aspergarriagorik txortaldiak behin eta berriz hitz berdintsuekin eta eszena berdintsuekin eta hasperen berdintsuekin errepikatzen dituzten nobelak baino. Ez gatz eta ez berakatz. Ezustea, umorea, giroaren prestaketa, dosifikazioa, progresioa, klimaxa eta beste mila baliabide aipa daitezke, edozein obra literariotan bezalaxe, mila modutakoak izan daitezke-eta testu erotikoak, mila modutakoak diren bezalaxe gizon-emakumeen fantasiak, zaletasunak eta irrikak.

Baina hau mila aldiz hobeto esan zuen XVIII. mendean Sadeko markes dibinoak, diferentziaren eta askatasunaren apologista sutsuak, bere «120 egun Sodoman» liburuaren hitzaurrean:
"Eta orain irakurle lagun, presta ezazu zure bihotz osoa eta zure gogo osoa mundua mundu denetik inoiz idatzi den istorio lizunena irakurtzeko. Zalantzarik gabe hemen marraztuta ikusiko dituzun galdukeria asko eta asko ez dituzu batere gogoko izango, badakit; baina izango da bateren bat berotuko zaituena kitzikatzeraino, eta horixe da, hain zuzen, inporta den gauza bakarra. Den-dena esan ez bagenu, den-dena aztertu ez bagenu, nola igarri behar genuen zuri komeni zaizuna? Zure esku dago gustatzen zaizuna hartu eta osterantzekoa uztea. Beste irakurle batek gauza bera egingo du, eta beste batek ere bai, horrela mundu guztia pozik geratu arte. Hau oturuntza handi baten historia da, non seiehun plater ezberdin eskaintzen zaizkion zure jateko gogoari. Denak jaten al dituzu? Ez, jakina. Baina kopuru ikaragarri horrek zabaldu egiten ditu zure aukeren mugak. Hainbeste aukerarekin pozarren, ez zaizu burutik pasatzen gonbidatu zaituen anfitrioiarekin errietan hastea. Gauza bera egin hemen ere: gustatzen zaizuna aukeratu eta gainontzekoa utzi; baina zeuri gustatzen ez zaizulako, ez haserretu uzten duzunarekin. Pentsatu beste batzuek gustuko izango dutela. Izan zaitez argia: hartu gogoko duzuna eta utzi besteei hartzen; bakoitzak berak aukera ditzala bere irrikak, askatasunaren izenean"