Laura Paredesek 18 urte beteko ditu laster. Eskola publikoan ikasi du txikitatik, DBHn ari da. Lauraren amarekin, Inma Hernandezekin, hitz egin genuen bera eta bere familia ezagutu aldera. Legazpira iritsitakoan telefonoz deitu diegu. Laurak hartu du telefonoa:«Nor da?». ARGIAko lagunak garela esan eta minutu batzuk beranduago bildu gara haiekin. Aita, Carlos, hamaika urteko Irene eta zazpi urteko Asier anaia-arrebak ez dira gurekin bildu, beren betebeharretan daude-eta. Gure deiaz galdetu diogu Laurari. Ez digu erantzun. Lotsatu samar dago. Amak hartu du hitza:«Uste zuen bere mutiko lagunaren deia zela». Sentitzen dugula adierazi diogu Laurari. Bere mutiko lagunaz galdetu diogu:«Markel izena du. Lizarrako kanpalekuan ezagutu genuen elkar. Joan den astean deitu zidan bisitatzera etorriko dela esanez, baina ez zidan noiz etorriko den zehazki esan», diosku Laurak. Markel beltzarana eta bera baino baxuagoa dela eta gimnasiora joaten dela esan digu ere bai. Ermuako da. 20 urte ditu:«Argazkiak eta eskuturreko hau oparitu dizkit. Datorren udan Tarragonara joango gara elkarrekin, udako kanpamentura». Reala ikustera joan ohi da lagunekin, baita eskiatzera ere familiarekin.
ABENTURAZKO LITERATURA
Institutura bere kasa joaten da. Arratsaldetan, berriz, liburutegira edota igerilekura. Herriko igeriketa-taldeko kidea da. Gaur liburutegira joateko asmoa zuen eta gure etorrerak amiñi bat urduri jarri du. Neska artega da berez:«Bere plana zeukan eta etorri zaretenez pixka bat erreakzionatzea kostatu zaio. Guk ere beste maila batean larritasun hori sentitzen dugu», diosku Inmak. Laurak «Oscar la aventura de correr» izeneko liburua ekarri du eskutan, Javier Garcia Sanchez idazlearena. Abenturazko liburuak ditu gustuko, liburua itzultzeko epea agortu zaio eta liburutegiarekin konpromisoa txintxo bete nahi du.
BIZITZA BERA ESKOLA DELARIK
Laurak sostenguko irakasle bat izan du hiru urte zituenetik. Institutura iritsitakoan ezin izan du bere adinekoen erritmoan segitu. Gaien ikasturtea beste modu batez lantzen du. DBHko maila ezberdinetan ari da, 2. edo 3. mailan, ikasgaien arabera. Beste lau ikasleekin batera ari da. Halaber, bizitzarako behar arruntak lantzen dituzte, diruarekin eta gizarte harremanetan trebatzen, kasu:«Zorte handia izan dugu eskola publikoan, kexarik ez, alderantziz», dio amak.«Hizkuntza eta musika gustatzen zaizkit eta Interneten nabigatzea ere bai. Soinketa ere egiten dut», adierazi digu Laurak.
Irene eta Asier anaia-arrebak oso maite ditu, Miriam da ordea bere adiskide mina:«Harreman oso ona daukate, ondo moldatzen dira, bestela askotan bakarrik egongo litzateke etxean. Miriam bere moduko neska bat da eta bere bizitzaren zoria. Zaila da koadrila batean sartzea, norberak bere modukoak bilatzen ditu koadrila osatzeko. Guk ez dugu gure gustuko gauzekin bat egiten ez duten pertsonekin koadrila osatzen eta berauek ere ez.». Ez Miriamek ez Laurak ez dute onartzen inor baino atzeratuagoak direnik.
«Laura zintzoa da, gauzak sinpleki ikusten ditu. Guk, berriz, mundu konplikatuago bat ikusten dugu, konplikatuegia batzuetan», dio Inmak. Laurak zailtasunak ditu adimen urritua duelako, bizitzari aurre egiteko beste modu batez antolatu behar du bizitza. Laurak erakutsitakoaz aritu gara azkenik:«Primeran bizi garelakoan ez ditugu besteen arazoak ikusten. Bizitza modu xumeago batez ikusten erakutsi digu Laurak, beste modu batez azken finean».
Bizitzaren esperientziak aberastutako familia bat topatu dugu. Amaren hitzetan, Irene eta Asier ez dira beraien azpian dagoen inoren aurka sartuko inoiz. Pertsona bakoitzak bere gaitasunak dituela erakutsi diete. Denok bizitzeko eskubide bera dugula