Iñaki Esnaola, Inma Gomilaren eta Pello Zubiriaren defentsako abokatua da. Honela laburbildu digu Auzitegi Nazionalak «Egunkaria»ren inguruan hartutako neurriak:«Prozesu hau prozesu politiko-poliziala moduan ulertu behar da. Juan del Olmo epailea 1990eko hasieran azalduriko ETAko ustezko dokumentuetan oinarritu da autoa gauzatzeko. Dokumentu horiengatik ARGIA aldizkariak kereila aurkeztu zuen ‘El Mundo’ egunkariaren aurka, Pello Zubiriak berak Auzitegi Gorenean jarria. Orduan, dokumentu hauek ETAk Pello Zubiria ‘Egunkaria’ren zuzendaria izendatu zuela difamatzeko erabili ziren. Orain, berriz ere, dokumentu hauez eta beste batzuez baliatu dira ‘Egunkaria’ren aurka jotzeko».
Juan del Olmok erabili aurretik Baltasar Garzonen esku egon omen ziren dokumentuak.
Nik dakidanez, polizia nazionalak 2001ean dokumentu hauek aurkeztu zizkion Garzoni. Garzonek ez zuen funtsezko akusaziorik burutzeko indiziorik ikusi eta bertan behera utzi zituen. Artean, Polizia Nazionalak txostena Guardia Zibilaren esku utzi zuen. Antza denez, Guardia Zibilak txostena Auzitegi Nazionaleko 6. aretoan aurkeztu zuen. Hau guardiako auzitegia da, Juan del Olmok zuzentzen duena. Honek baietza eman zuen edo auskalo, beharbada prozesua aurrera eramateko dena prest zegoen aldez aurretik.
Dokumentu horiek direla-eta «El Mundo»ren nahiz Joseba Egibarren aurkako kereilak aurkeztu zituen Pello Zubiriak. ETAk Pello Zubiria «Egunkaria»ko zuzendaria izendatu zuela esan baitzuen ere Egibarrek.
Egibarrek «El Mundo»n agertu zena benetakotzat jo zuen. Kereila ebatzia geratu zen ordea, Auzitegiak Egibarrek ez zuela Zubiria iraindu kontsideratu zuelako, Joseba Egibarrek egunkariak esandakoa errepikatu zuelakoan. Guk «El Mundo»ren aurkako kereila jarri genuen, egunkari honek berria zabaldu zuelako. «El Mundo» egunkariak, informazioa poliziaren txostenetatik atera zuela argudiatu zuen. Poliziaren informazioa egiazkoa dela alegatu zuen, baita Auzitegiak horrela onartu ere. Beraz, Espainiako hedabide nagusietako «egiazko» informazioa zentzu eta termino hauetan «ulertzen» da.
Botere judiziala botere eragilearen menpe dagoela ageri da beste behin ere.
Dudarik gabe. Juan del Olmo Espainiako Gobernuaren sokakoa da. Epaile batzuk Gobernuaren soka berekoak dira, finean, epaile hauek, poliziaren bidez, botere eragileak agindutakoa bete egiten dute. Aginduak politikoak dira, noski.
Inputatu batzuk kanpoan eta beste batzuk barruan geratu dira. Zergatik?
Zaila da hori jakiten. Itxura batez, Administrazio Kontseilua osatu eta «Egunkaria» hasiera-hasieratik aurrera atera zutenak barruan geratu dira. Auzitegi Nazionalak prozesua horretan oinarritu nahi du. Dokumentu horiek zaharrak dira eta «Egunkaria» ateratzeko aritu ziren pertsonak eraman dituzte barrura, goi-karguak sartu dituzte barrura.
Martxelo Otamendik torturak salatu ditu.
Prozesua funtsatu ahal izateko oinarri juridikoak bilatzen dituzte, eta badakizu, horretarako «interrogatorio edo itaunketa trebeak» egin ohi dituzte. Otamendiren hitza sinesgarria da, baina nola frogatzen duzu torturatua izan dela?
Angel Acebes barne ministroak kereila jarriko omen dio
PPren gobernua prest dago torturen salatzaileak auzitegietara eramateko. Honek tirabira politiko gogorrak ekarri beharko lituzke. Autoak inputatuak ETAko kideak direla dio eta gizarteak ez du hori onartzen, eta gainera torturatuak izan dira. PPren Espainiako Gobernua kontraerasora pasa da.
Tirabira horrek zer edo zer eragin al dezake EAEko Gobernuan eta EAJren baitan, zure ustez?
Hor dago koska! Eusko Jaurlaritzak «Egunkaria»ko langileen egoerari dagokionean badirudi esku hartu nahi duela. Baina galdera betikoa da: EAJ eta EAk hordago joko al dute? Hau da, Joseba Azkarraga justizia sailburuaren iritziz, egunkari bateko zuzendariak torturatua izan dela esaten badu, ezin da beste leku batera begiratu. Orduan, hartu ditzala leku konkretu batera begiratzeko neurriak. Eusko Jaurlaritzak aurre egingo ote dio Espainiako Gobernuari auzitegian aurkeztuko diren salaketak argitzeko hala nola prozesua bera Zuzenbidezko Estatu batean bezala garatu dadin? Askotxo iruditzen zait, baina tira, horixe nahi nuke