argia.eus
INPRIMATU
ARTUROREN KAIERA
2003ko martxoaren 09a

SOZIOLINGUISTIKA APLIKATUAZ

SEI elkarteak soziolinguistika aplikatuari buruzko ikastaroa antolatu du, Hiznet ikastaroarekin eta UEUko Soziolinguistika sailarekin elkarlanean eta Tolosako Udalaren laguntzaz. Azken urteotan egin diren ikerketak, jasotako datuak eta garatutako planak hurbiletik ezagutzeko aukera izango da martxoarren 22tik maiatzaren 17a arte. Ikastaroa Tolosan izango da, larunbat goizetan, eta izen emateko epea martxoaren 14an amaitzen da. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.sortu.org helbidera jo.


IA-REN HIZKUNTZA ESKUBIDEEN EGUNA

Ikasle Abertzaleak taldearen ekimenez, mobilizazio ugari egin ziren Hegoaldean joan den asteko asteazkenean (hilak 26). Hizkuntza eskubideen eguna izendatu zuten eta «Euskaldunon Egunkaria» ren itxiera eta NUPeko eta EHUko euskararen egoera salatu zituzten, besteak beste. IAk adierazi duenez, Ertzaintzak pilotak jaurti zituen EHUko Gazteizko campusaren barruan egindako manifestazioan.


KAZETARITZA ESPEZIALIZATUAN SAKONTZEKO

EHUko Kazetaritza Sailak hitzaldi sorta bat antolatu du «Kazetaritza espezializatuaren erronka berriak» lelopean. Martxoaren 14tik maiatzaren 19a bitartean 5 hitzaldi izango dira Leioan, kazetari lanaren eguneroko praktika ikasgeletara hurbildu nahian. Komunikazio kabineteak, elkarrizketa generoa, telebistako albistegiak... izango dituzte hizpide. Besteak beste, Julio Ibarra, Hasier Etxeberria eta Ana Urkiza arituko dira hizlari. Pello Zubiria eta Xabier Oleaga ere hitzaldiak ematekoak ziren.


EUSKALDUNTZE HITZARMENA LEKEITION

Lekeitioko Udalak eta Euskaraz Kooperatiba Elkarteak (orain arteko AEK-k) hitzarmena sinatu dute, datozen hamar urtetarako. Udalak lokala lagako dio EKEri eta baita diru laguntza eman. Euskaltegiko ikasleek asistentzia ziurtagiria aurkeztuz gero, Udalak matrikularen prezioaren erdia itzuliko die. Aipatzekoa da euskaltegiak osasun arloko hiztegi bat osatu duela, osasun etxean egindako proiektu baten barne.