argia.eus
INPRIMATU
ARAZOAK JAIOBERRITAN
Jabier Agirre 2003ko martxoaren 09a
Berta garaia baino lehen jaiotako haurtxo bat zen (prematuroak esaten zaie horrelakoei), baina gaur egun medikuntzarentzat anekdota bat besterik ez den gertaera hori dezente konplikatu zen kasu honetan, jaio eta berehala gibeleko gutxiegitasun edo intsufizientzia larri bat detektatu baitzitzaion, hepatitis batek sortua. Eta iazko, 2002ko, irailaren 13an hildako 4 urteko emaile baten gibelaren %15 jaso zuen Bartzelonako Vall d'Hebron ospitalean.

Bere gorputzak ezin hobeto onartu zuen gibel berria, eta horrela Berta (izen horrekin bakarrik ezagutzen da haurtxoa, legeak paziente txikien anonimatua segurtatzen baitu) da une honetan Espainian gibela transplantatu zaion umerik gazteena. Bi hilabete besterik ez zituen transplantea egin zitzaionean eta 2,6 kilo soilik pisatzen zituen. Rosa Deulofeu, Vall d'Hebron ospitaleko transplanteen koordinatzailearen arabera, umeak bizirik jarraitzeko oso aukera gutxi zituenez, transplantea egiteko erabakia hartu zuten. Eta Carles Margarit doktorearen taldeak zazpi ordu luze behar izan zituen interbentzioa burutzeko: tamaina oso-oso txikiko arteria, zain eta behazun-bideak lotu behar izan zituzten, oso egoera delikatuan zegoen pazientean gainera.
Baina operazioa arrakasta osoz burutu zen. Ospitalean alta eman ziotenean 3 kilo pisatzen zituen eta bere bizitza osoan botika immunogutxitzaileak hartu beharko dituen arren (erretxazoa baztertzeko, edozein transplantetan gertatzen den bezala), etxean dago gutxienez, gizentzen ari da, eta bizimodu normala egin ahal izango du. Ez da gutxi, lehengo egoera ikusita