argia.eus
INPRIMATU
Victor Pachon: "Marea beltza marea beltzaren segidan"
2003ko martxoaren 02a
Marea beltzaren ostean marea beltza berriro, eta hona hemen beste bat are lodiagoa, are larriagoa. Historia errepikatu egiten da. Ematen du ez garela gai jakina denetik irakasgai bakar bat ateratzeko. Beraz, baldin oraindik ere estatuen jarrera hain axolagabea bada, baldin biztanleriaren garapena beti bat eta bera bada, ematen du aurrerapen esanguratsu batek ez duela egunik. Bai, bukatu da boluntarioak arduradunek egindako katastrofea ezabatzera hondartzetara joateko garaia. Aski da! esaten diete horietako askok erantzuleei. Estatuak, beti irabaziari lotuak, beti jendearen bizitza benetakoa erdeinatuz, dena ezarriz eta baliatuz, baina populuari deus itzuli gabe, oraingo mundializazioari berebiziko bultzada ematearen errudunak. Horrela, Ingurumenaren Defentsako elkarte gehienak haiek ez direla hondartzak garbitzera joango iragartzen ikusi ditugu, eta Mugerre herriko biztanle ugari bitarteko stockage zentroari EZETZ esaten, 700 pertsona inguruko manifestazio batean. Bada garaia agintariek jakin dezaten, aurrerantzean katastrofeen kausen kontra jokatzea dela lehenbizi, ez erroreak estaltzea, eta biztanleen kolera jasan zuten. Eta, hain zuzen, katastrofe hauek eragoz daitezkeela erakusteko, ari gara borrokan urtarrilaren 31n Mugerren Attac Pays Basqueren bileran parte hartuz geroztik.

Prestige ontziaren kasua, kasu garbia da:
Adibide horrek berak bakarrik erakusten ditu salatzen dugun mundializazioaren bizio guztiak, zeren garapen humano eta sozialaren arau oinarri-oinarrizkoenak erdeinatzen baititu.

Bandera komenentziazkoak, paradisu fiskalak, elkarte pantailak, kapital-igoera kontrolik gabeak, itsas merkataritza arau gabea, itsasontzi zaharkituak, hondakinezko kargak, batzuek ahalik eta gehien aprobetxatzeko osatutako laneko eta ingurumeneko legedia, herri aberatsetako aberatsentzakoa, kontrola eskutik uzten duten gure politikoen borondate itsuarekin. Hori guztia egitate kontrastatua da.
Beharturik gaude jabetzera ezen katastrofe hauek ez direla batere naturalak, baizik eta hondamen hauek itsasbazterreko biztanleek eta dagokion herrialdeko zergadunek pagatu beharreko prezioa dela, baldin batzuk aberasten segituko badute, eta baldin gaur egun jasaten ari garen kapitalismo neurrigabe honek iraungo badu.
AEBek 1947an GATT inposatu zutenetik, hasiera batean produktu nazionalak babesteko aduana-tasak jaistera jo zuten, zeren askoren iritziz noraezeko kondizioa da munduko merkataritza sustatzeko. Hortaz, muntatu diren trukeko neurri guztiek erakusten dute munduko merkataritza horrek herrialde aberatsak mesedetzen dituela batez ere, eta herrialde pobreak konkurrentziazko egoeran uzten dituela, hots, gaur egun ikusten dugun moduan, mendeko egoeran ekonomikoki eta finantzarioki. 1994az geroztik, OMC da GATT erakundearen segida logikoa eta aurreikusia, eta ez bakarrik aduana-tasak beheratzen jarraitzeko, baizik eta produktu humano oro merkantzia bihurtzeko, hala nola, osasuna, hezkuntza eta zerbitzuak oro har. Prestige ontziaren arazoak baino egun batzuk lehenago aitortua da beharrezkoa zela itsas legedia malgutzea, hertsatuegia zegoelako eta merkataritza jaten zuelako. Gogorarazten dizuegu Attac-ek etengabe salatzen duela OMC erakundean zeinen era ez demokratikoan hartzen diren erabakiak: zeharo arre eta errekurtsorik jartzeko posibilitaterik gabe.
GATT erakundearen garapenaren garai berean, Munduko II. Gerraren ondoren, petrolioa herrialde batzuetatik bakarrik esporta zitekeen baliabidea zen, batik bat Hego Ameriketatik eta Ekialde Ertainetik, eta ez oso kostu handian. Orduan, gerraren hondamena ezagutu zuten herrialde aberatsenak buru belarri sartu ziren guztiz erregai horretan oinarritutako garapen industrialean barrena, ikatza alde batera utzita.
Hogeita hamar loriatsuak «dena petrolioaren» hogeita hamar urteak direla berebat, eta bistan da zergatia: herrialde esportatzaileen eta herrialde inportatzaileen arteko trukean, inportatzaileak atera ziren irabazian. Trukearen ezberdintasunak areagotu egin zuen aberastasunen produkzioren ezberdintasuna, eta «garapeneko ezberdintasuna» Iparreko eta Hegoaldeko herrien artean.
Garai horretan bertan, merkataritza nazioartekoak bulkada nabarmena ezagutu zuen, eta itsas garraioaren kostu apalak gainerako garraio posible guztiak utzi zituen atzean. Ondorioz, ekonomia itsasertzeratu egin zen eta enpresa ugari aldatu ziren kosta ingurura, batik bat beren produktuak esportatzen zituztenak edota inportazioko produktuak erabiltzen zituztenak. Aldi berean eta paraleloan, herrialde beraren barruan, eskualdeen arteko ezberdintasunak handitu ziren, eta okertu egin zen, orobat, itsasora irteerarik ez zuten herrialdeen egoera.
Hori guztia, jakina, ez da egun bateko kontua, ez da zori-kontua, ez eta inozentzian egindako zerbait ere. Gure politikoek egiten utzi dute, edota okerrago dena, programatu egin dituzte ezberdintasun horiek, guri etengabe esaten zigutelarik, ezin zitekeela bestela izan, baldin atzera gelditu nahi ez bagenuen.
Gero, 70.eko hamarkadaren hasieran petrolioren krisia hasi zenean, eta hogeita hamar urte loriatsuen hil-kanpaia jo zuenean, nazioarteko merkataritzatik aberasten zirenei beharrezko gertatu zitzaien petrolioaren gainkostuari beste aldea aurkitzea, eta neke handirik gabe lortu zuten: baldin produktua garestiagoa bazen, berdinduko ahalko zen garraioaren kostua gutxituta. Eta, hain zuzen, hamarkada horretan egin zuten Prestige ontzia. Orobat, hamarkada horretatik aurrera ugaldu ziren paradisu fiskalak eta komenentziazko banderak. Esate baterako, kohabitazioaren garaian, 1985etik 1988a bitartean, lehen ministro Chirac zela deskubritu zituen Frantziak Lurralde Australak eta Saint Pul et de la Nouvelle islak, Amsterdam eta hegoko itsaso hotzeko Siluése islak, non pinguinoak bakarrik baitira ikuskatzaile fiskalak eta ontzigintzako segurtasunekoak. Halatan, pabilioi beltzaran zoragarria egin zuten, hots, komenentziazko pabilioien aldaki bat, baina ez hain adeitsua. Askoren arteko adibide bat da. Hamar urte geroago, senadore komunista batzuek salatu zuten (ikusi Interneten, Senatuaren orrian, 1996ko uztailaren 12ko testua).
Pabilioi horiekin, bada, ondoko hau guztia aurkitu zuten: petrolioaren gainkostuaren ordaina, berritzen ez diren ontzi zaharkituak, eskulangile otzanak, kualifikatu gabeak, oro har atzerritarrak.
70.eko hamarkadako urteetatik aurrera, pixkanaka-pixkanaka hasi ziren gertatzen hondamenak; gerora, berriz, kezkatzeko moduko maiztasunarekin. Adibidez, Erika eta Prestige ontzien naufragioen artean (hiru urte bakarrik), 470 itsasontzi galdu dira, eta haien kargak urpean daude gaur egun. Eta ikusia dago onartzeko galeren pasatu direla material eta ontzi horien kostuak armadoreentzat eta pleitarientzat.
Galdetzekoa da gure politikoek nolatan onartu duten beren erantzukizunei hain nabarmen uko egitea, hala arlo ekonomikoan, nola sozialean. Aurreikuspen okerrak, ezgaitasun nabarmena, konplizitate frogatua... erantzun eske dago galdera.
Lehena: alternatiba energetikoetan, zergatik saiatu dira «dena petrolioa» opzioa ordezteko «dena nuklearra» opzioa besterik aurkitzen. Alternatiba horrek nolabaiteko errezeloak sortzen ditu politikoetan, zeren, nuklear propio baten promotore direnen neurrian, zientzialarien laguntza segurtatu behar baitute. Horrela, libre dira politikoak, eta ez dute zertan aritu serioski berrizta daitezkeen energiak ikertzen. Azpimarra dezagun EDFren publizitateko aurrekontuak handiagoak direla berrizta daitezkeen energia ikertzekoak baino. Ordea, epe luzeko bilakaera eta hurrengo belaunaldiak kontuan hartuz gero, azken horiek bakarrik dira saiatzeko ahalegina merezi dutenak,
Beste galdera bat nazioarteko merkataritzaren azelerazio horretaz: zergatik erabaki lanaren dibisio internazionala mesedetzea, baldin soil-soilik ezberdintasun sozialetan eta materia laboraleko legediaren gabezietan funtsatzen bada. Hegoaldean, eskulan merkearen bidezko produkzioa, ia erabat Iparralderako produktuak ekoizteko. Hegoaldeko herriak, alde batetik, gure kontsumoaren eta gure hazkundearen mende daude; beste aldetik, kapitala dutenen kapritxoen mende, zeinek interes ekonomikoen eta geoestrategikoen arabera mesedetzen baitituzte. Gerra hotzaren amaieran, 1991. urte aldera, areagotu egin zen mundializazio ekonomikoa, Errusiatik edo Txinatik etorritako kapitalak zirela kausa, bi herrialde zeinetan funtzionamendu ekonomikoa eta politikoa arras lausoa baita, eta ingurumenezko arau ñimiñoena ere errespetatzen ez dutenak dira bata zein bestea. Mundializazio kapitalista, bada, gero baino gero kontrolagaitzago bihurtu da.

*Collectif des Associations de Défense de l'Environnement erakundeko sustatzailea