Ybarra familiaren dinastia, Bilboko eta Bizkaiko historia industrialeko protagonista handia, beti izan da familia elkartuaren eredu. Estu-estu azaldu izan dira beti. Ordea, 1977. urte aldera, urratzen hasi zen, hain zuzen ere ETAk dinastiako lagun kualifikatu bat bahitu eta exekutatu zuenean. Javier Ybarra Bergé zen familiako kide hura, garai hartan Bizkaiko Bankuan, Bilboko Udalean eta Correo Español-Diario Vasco taldean kargu handiak izan zituena. Bada, "etxekoek", familiako bankeroek eta enpresaburuek, aitaren heriotza galarazteko ahaleginik egin ez zutelako-edo, halako konmozioa izan zuen Javier Ybarraren zuzeneko familiak, haren seme-alabek bereziki, non mendekuak habia egin baitzuen familian. Gero, aukera izan dutenean, inolako duda-mudarik gabe salatu dituzte beren ustez heriotza hura galarazteko gai izan zirenak eta egin ez zutenak.
"Nosotros los Ybarra" du izenburu Javier Ybarra Ybarra (Javier Ybarra Bergéren semeetako bat) idazten ari den trilogiako lehen liburuak. Dinastia familiar horren historia azaltzen saiatzen da, hots, azkeneko urteetan Emilio Ybarra BBVAko lehendakari ohia buru izan deneko euskal botere finantzarioaren jaiotza, hazkundea eta heriotza ditu aztergai. Oraintsu jarri dute liburutegietan 900 orrialdeko lehen tomoa, Tusquets argitaletxearen eskutik. Lehen kapitulua "Nik neuk salatzen dut" edo antzeko zerbait da. Berariaz, bi pertsona hartzen ditu ahotan, bere ustez ETAk 1977. urtean aita hil izanaren erantzule baitira. Angel Galindez da bata, orduan Bizkaiko Bankuko lehendakaria zena, eta Emilio Ybarra da bestea, hildakoaren iloba, Bilboko Bankuko kontseilari ohia zena eta aitari mesede asko zor ziona. ETAk 1.000 milioi pezetako erreskatea eskatu zien Ybarra familiakoei. Seme-alabek kreditu bana eskatu zuten Bilboko Bankuan eta Bizkaiko Bankuan, 12 urtetan pagatzekotan eta familiak Bizkaiko Bankuan eta Correo-Diario Vasco taldean zituen akzioen bermearekin. Gora eta behera ibili ondoren, Galindezek Bizkaiko Bankuan eta Ybarrak Bilboko Bankuan 25na milioi bakarrik lortu zuten, eta ez zen nahikoa izan Ybarra Bergéren heriotza galarazteko.
Diotenez, kreditu hura emateko, Emilio Ybarrak "egunkarietako akzioen pignorazioa" eskatu zion familiari, zeren "bahituak ez baitira kredituen erantzule egiten". Kredituko poliza izenpetzeko garaian, bahituaren alaba batek sinatu zuen lehenbizi. Eman zieten kantitatea ikusi zuenean (50 milioi pezeta), eta jakinik 1.000 milioi eskatzen zizkietela, txistua bota zion polizari. Liburuaren egilearen esanetan, Ybarra horrek berak eman zuen kreditu bat Bilbok Bankuaren Parisko sukurtsaleko zuzendaria erreskatatzeko (bahitua izan baitzen). Javier Ybarraren familiak ezin zuen sinetsi, nolatan Galindez zein Emilio Ybarra (batik bat) ez ziren gai beren aita salbatuko zukeen adinako kreditua lortzeko. Galindezek Javier Ybarraren gorpuaren aurrean entzun behar izan zuen zenduaren izeba baten oihu latz hau: "Zu zara nire anaiaren heriotzaren erantzulea". Emilio Ybarraren kasuan, hau da, hildakoaren ilobaren kasuan, eten egin zituzten harremanak. Gaur egun, orduko jokabidea pagatzen ari da: lehengusu batek historia haiek eta hurbilagoko beste batzuk aireratu dizkio. Emilio Ybarraz aski argi ari dela, honela dio egileak: «...gero, Manuel Cortazar osaba izan ezik, bankero bakar bat ere ez zen arduratu ‘Javier gizagaixoaren’ seme-alaba koskorrez. Gainerakoak, noski, ‘etorkizuneko operazio arranditsuak’ diseinatzen ariko ziren. Baina, eskailera mailak igotzeko eta jaisteko izan!».
Dena dela, egileak aitortzen du hamar urte geroago Emilio Ybarrak gizalegez jokatu zuela Cosme Delclauxen bahiketan, zein guztien familiartekoa baitzen. Orduan, Emilio Ybarraren bankutik antolatu omen zen erreskate guztia. Hona hemen egileak idatzitakoa: «Ertzainek grabatu egin zituzten elkarrizketak. Terroristak atxilotzeko itxaropenak, dirua berreskuratzekoak, geroko beste atentatu bat eragotzi ahal izateak... justifikatzen dute bahitua salbatzeko ahalegina. Erakunde terroristak 1997ko uztailaren 1ean liberatu zuen Cosme Declaux. Guri hasiera-hasieratik ukatu ziguten halako amaiera zoriontsua. Oraindik hauxe galdetzen diogu geure buruari: zergatik?»