Zein izan da zuk zuzendutako lan honen asmoa?
Segurako herriaren aurkezpen orokor bat eskaintzea, iragan zaharra berriagoarekin uztartuz, segurarren gizartea aztertuz, eta herriko lur eremua eta eraikuntzak gogoan izanik. Segurako, segurarren eta inguruko herrien iragana ezagutzeko aukera aparta izan da berau.
Eta zer egin duzue hori lortzeko?
Batez ere, azken hamarkadetan egin diren doktore-tesiak, monografiak eta beste ikerlanen emaitza eta argibideak argitalpen bakar batean biltzea, eta, aldi berean, zegoen hori ikerlan berriekin osatzea. Izan ere, oinarrizko jakintza sakabanatu hori ikastunen eta herriko eta bailarako bizilagunen esku jarri nahi genuen, baina gure asmoak ez genituen mugatu nahi izan jada eginda zeuden ikerlanetara; alderantziz, ikerlan berriak sustatu nahi izan genituen, orain arte inoiz ikertu gabeko gai berriak ere besarkatuz.
Beraz, ikerlan berriak sustatzeko ahalegina ere izan da?
Beno, premiazkoa iruditu zaigu gure herriaz diharduten iturri idatziak non ditugun erakustea, eta hauxe da Seguraz ikerlan berririk egin nahiko luketen ikertzaile gazteentzat liburuan bereziki eman dugun atal bakarra. Dena den, aitortu behar da, nahi izanda ere, ezin izan dela bildu liburura beti aurreikusita genuen oro. Hurrengo baterako geraturiko lanen artean daude oso maiteak genituen batzuk: baserrien historia, herriko etnografia eta abar. Nolanahi ere, Segurari buruzko argitalpenak ez dira liburu honekin hasten, eta ez dira liburu honekin bukatuko, eta azterlanak buruturik aurkeztea bezain interesgarria gerta daiteke, egiteko geratzen zaizkigunak nondik nora joan daitezkeen iradokitzea.