argia.eus
INPRIMATU
JAKITURIAREN OROIMENA
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Eguneroko otorduetan milaka urtetako jakituria biltzen da. Izena arabeen kourkoum-etik datorkion kurkuma landaretik -Curcuma domestica edo C. longa- sortzen den izen bereko espeziaren erabilerari buruzko lehen aztarnek lau bat mila urte omen dituzte eta duela 2.600 urteko asiriarren idatzietan jasoa omen da, beti ere zibilizazio guztien iturri den Asia zabalean. Pertsian eguzki gorria gurtzeko erabiltzen dute eta Indian lotsaren gorria estaltzeko azala kurkumaz urreztatzen dute. Arroz soroak uzta ona eman dezan landare hau landatzen dute erdi-erdian. Sukaldaritzan erabiltzen da gehien bat: azafrai garestiegiaren ordezko gisa Europan eta kurriaren gisako saltsak osatzeko mundu osoan. Aho sabaiari mikatza eta mina den puntu bat eransten dio eta laranja eta jengibre kutsuaz apetitua pizteaz gain, osasunerako oso ona dela diote.

Lurpeko errizometatik sortutako hosto zabalak metro beteraino garatu ohi dira eta lorazaintzan ere gero eta gehiago erabiltzen da. Errizoma egosi, zuritu, zortzi bat egunez eguzkitan lehortu eta ehotuta sortzen da kurkuma espezia. Inguruko sukaldariek kurkuma gero eta gehiago erabiltzen dutela jabetzeko moko finegia ez da izan behar, ala...