argia.eus
INPRIMATU
J. Iñaki Etxezarreta: "Joxemiren Egunkaria"
2003ko martxoaren 02a

Hilaren 20ko ordu txikietan atxilotu zituztenen zerrendan Joxemi Zumalabe falta zen. Gaur geure artean bageneuka, Madrileko informazio zerbitzuen miruen atzaparretan legoke, zalantzarik gabe. Bizitzaren azken urteetan gelditzen zitzaizkion indar ahituak Egunkariaren proiektua sortzen eta aurrera ateratzen eman zituen: bera izan zen urrats ororen atzean, aurrean, goian, behean eta alboan zegoen pantzerra. Beste inork ez bezala zekien Egunkaria nola otondu zen, bera izan baitzen sukaldari nagusia. ARGIAn zegoen ekipoarekin eta bertakoen premia eta gogoekin gerora Egunkaria litzatekeenaren ideia diseinatu eta plana egin zen. Joxemik ondo baino hobeto aurreikusi zuen bereziki hiru traba, eta ez nolanahikoak, kudeatu beharko zituela: ezker abertzalearen agintarien baimena, euskalgintzaren baitako gutxieneko adostasun zabala eta botere publikoan zeuden abertzaleen mesfidantza. Bistan da lehena lortu zuela, bigarrena Egunkaria bere eguneroko praktikarekin eskuratuz doala eta hirugarrena eginkizun dagoela. Bistan da ere Joxemiren Egunkariak aurrera egin ahal izan zuela ekonomi erresistentziaz, militante lanaz eta kudeaketa horretan gogoz kontrako -eta ezinbesteko- loturak eginez. Gaur, ordea, inork uka al dezake Egunkariaren aurkako erasoa Estatuaren operazio politikoa eta mediatikoa, euskalgintzaren habetariko bati zuzendua, izan dela? Muturrekoz ikasten omen dugun euskaldunok buelta dagiogun Estatuari kolpe hau, Joxemiren Egunkaria hamahiru urteren osteko Euskaldunon Egunkari sendoagoa bilakatuz.