GAUBEAKO HARAN ISOLATUAN ORKATZAREN BILA

Ibar honetan, ler gorriz osaturiko basoak, artadiak, ameztiak eta pagadiak garatzen dira. 1992an, zatirik isolatuena, aberastasun natural, kultural eta historikoa, ohiko garapen atzaparretatik babesteko helburuarekin, natur parke izendatu zuten: Valderejoko Natur Parkea. Hala ere, aste honetako txangoan natur parkearen albotik ibiliko gara eta ler gorri eta artez eraturiko baso sastrakaditan murgilduko.

Gaubeako herrian hasiko dugu ibilbidea, bertan ibilgailua utziz. Zubi aurrean dagoen iturrian gora doan bidea jarraituko dugu. Harrizko etxeen artean herria zeharkatu eta erreka eskuinean dugula, mendirantz abiatuko gara. Berehala, San Martingo arroiletara zuzentzen gaituen zutoina aurkituko dugu. Ezkerretara erreka ertzean landaturiko makal gazteak ikusten dira eta eskuinetara artadi bakandua. Konglomeratuzko harri-aman garatzen den lurzoru geruzaren arabera, bat edo bestea ugaltzen da. Ler gorri eta arteak lurrik sakonenetan, ezkaia eta izpilikuak, lur geruza meharretan eta otabera, ipuru eta sabina feniziarrak, tartekaturik.
Jarraian San Martingo arroiletara iritsiko gara eta gure aurrean errekak kareharria higatzean marraztu duen ibartxo polita ikusiko dugu. Arroilako paretak eskalatzeko erabiltzen diren txapez gain, soka eta tresnez josiak daude. Kareharriak izaten dituen zirrikituak iratze (Asplenium tricomanes eta Asplenium ruta-muraria) eta landareen (Alaquimola alpina, esate baterako) bizileku izaten dira. Baita, haitz enara, sugandila eta muskerrena ere.
Ibarreko lautadatxoan bi errekak bat egiten dute. Honela, lurzorua ureztatzen da eta belardi motz eta erosoa eratzen da. Bertan Plantina bitxiloreak eta antzeko landare belarkarak hazten dira. Eskuineko pista gorantz jarraituko dugu eta ler gorriz osatutako basoan barneratuko gara. Hemen ugalduko dira benetako basa pizti, azeri, azkonar eta basurdeak. Batzuetan, pistetako lohitan, beraien oinatzak uzten dituzte.
Uraren biltegira iritsi eta mama goxoaren adierazle diren uretako landareak agertu dira: ihia, azeri buztanak eta mendak. Guztien artean ihidia osatzen dute.
Beti ere eskuineko pistan jarraituz, pinudian gora egingo dugu. Hasierako ezkai eta izpilikuak desagertuz doaz eta txilar eta sasiak ugaldu dira. Txorien kantuak ere ugaldu dira. Hor dira txontak, pinu kaskabeltzak eta txinboak.
Horca eta Raso artean dagoen lepoko su ebakira iritsiko gara jarraian. Su ebaki hauek oso aproposak dira basa piztiak ikusteko; basoa zeharkatu nahi duenak bertatik igaro behar baitu eta distantzia luzean ikus daiteke. Hemen, azkeneko malda igo eta Rasoko gailurrera helduko gara. Bertatik, inguruko mendiak ikusten dira. Aurrean, ekialdera Gorbeia, iparraldera Urduñako mendatea, mendebaldera Karriako kareharri biziak eta hegoaldean Cueto eta Motoko mendizerra ageri dira, lainoek estaltzen ez badituzte behintzat. Bertako larreetan festukak, plantinak eta mantzanilak daude besteak beste. Orkatzen oinatzak ere ugari izaten dira hemen eta ortzian sai arreak hegoak zabaldu eta dantzan dabiltza. Gailurra utzi eta eskuinetara doan pista hartuko dugu berriro pinudian sartzeko. Mokokerrak dabiltza pinutik pinura pinaburuak janez. Arrak arrosa kolorekoak eta emeak gris horixkak dira. Bidegurutze berrira iritsi eta eskuineko pista hartuko dugu. Bat-batean pinudia artadi bihurtuko da eta arte txiki eta ipuru artean maldan behera eginez, putzu batera iritsiko gara. Hemen pista nagusia utzi eta eskuineko bidean behera egingo dugu. San Pedroko tontorraren magalean pinudi azidoa zeharkatuz, berriro ere eskalatzeko soka eta tresnez josia dagoen horma berri batera iritsiko gara. Pareta berri hauek gainera, bustiak daude eta inklinazio handia dute. Ba al dago inguruan horra igotzeko gaitasuna duen horrenbeste jende? Hainbeste Leire Agirre eta Josune Bereziartu al dago Euskal Herrian? Hormetako bizidunei ere zatitxoren bat utzi beharko diegu bada... Korrikalariek lasterka egin nahi duten leku guztietan pistak zabalduko balituzkete…
Bidea jarraitu eta hasierako pistara iritsiko gara. Bertatik Gaubeako herrira eta hemen horma zaharretan horma-belarrak (Parietaria judaica), txantxapota (Umbilicus pendilicus), huntza (Hedera helix) eta sasiak (Rubus sp.) hasten dira. Ibilbide hau ere amaitu dugu. Etxerako itzulera patxadatsua izan dezazuela

Orkatza noiz agertuko
Hara-hara! Orkatza! hor sartu da basoan. Korrika baino gehiago saltoka, ipar eta hego ipuruen artean, ler gorri eta artetxoak saihetsiz. Han-han! bere ipurdi zuria erakutsi eta… ezkutatu da.

Sentipen mistikoa eskaintzen digu beronek. Oinatz eta gorotz txikiek Capreolus capreolus hemen zebilela esaten ziguten. Hala ere, sumatzetik bizitzera alde ederra dago. Basoetako zerbido txiki hau, negu gogorra igarotzen ari da Gaubeako basoetan. Elurrak dauden belar apurrak estali ditu eta udazkenean azal azpian metatutako erreserbak desagertu dira jada. Saihetsak marrazten dute sabela eta gosea eguneroko belar bihurtu da. Iritsiko ote da udaberriko berpiztera?
Martxoan haziko zaizkie adarrak arrei, 30 cm-koak, eta bi edo hiru punta izango dituzte, maiatzean adarrak estaltzen dituen azal belusa zuhaitzetan igurtziz kendu ondoren. Garai honetan galtzen dute neguko ile ilun eta luzea, eta udaberriko ile motz marroi-gorrizta janzten dute. Kimu berriak irensten hasiko dira belar eta graminioei muzin egin gabe. Luzeran, burutik isatsera, 1,30 m izan ohi dute, pare bat zentimetrotako isatsarekin. Altuera txikikoak dira beste zerbidoekin alderatuz: 80 cm lepora eta ar gizenenek 30 kilo pisatzen dituzte.
Ugalketa uztaila amaieran eta abuztu hasieran izaten da. Araldiak arren arteko borrokak dakartza. Liskarrak liskar, ar bakoitzak eme bat estaltzen du. Urtebeteko arrak ugaltzeko gai dira, emeek aldiz, urte eta erdi behar dute. Bederatzi hilabeteren ostean, maiatzean, kume bat edo bi dituzte. Orkatz txikiak jaiotzerako emeek habia prestatzen dute eta kumaldia zaindu beharko dute. Hamabi egun ondoren, amarekin batera mugituko dira batera eta bestera. Orkatz amak belarra jango du eta kumeek lau hilabetez esnea hartuko diote. Orkatz amek mustelido eta azerien erasoetatik babesten dituzte. Entzumen eta usaimen zorrotzak erabiliz, berehala nabaritzen dituzte etsaiak, eta nola ez, gizakia. Ikusi aldiz, ez omen dute horrenbeste ikusten, horregatik haizearen norabidea aurkakoa denean errazago topatuko gara orkatzen batekin. Edozein basa pizti gertu sumatzen badu, ihes egingo du bere hanka lirain eta azkarrei esker.
Basope aberatsa duten guneetan ugaltzen dira. Azpi baso hau garatzen laguntzen duten zuhaitz handienen suntsiketak, ekaitz eta haizeteek, mesede egiten dietela ikusi da. Udazkeneko fruituak, sastrakenak batez ere, ugaldu egiten dira eta bazka garrantzitsua da hori orkatzentzat. Negurako ondo elikatzeaz gain, urrian ile luze eta grisa hasiko zaio.
Isil-isilik ibilita, ahalguztidunaren eta haizearen laguntzarekin ikusi ahalko dugu orkatzen bat edo beste. Horretarako, Rasoko mendia zeharkatzen duen su ebakia edo soil gunea, sua geldiarazteko egiten dutena, oso aproposa da. Goizean goiz, bazkatzeko mugitzen denean ikus dezakegu orkatz ama bere kumearekin. Eta gorputz guztian zehar sentituko duzuen zirrara ikaragarria izango da


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude