argia.eus
INPRIMATU
TXIBATOAK
Joxemari Ostolaza 2003ko otsailaren 23a
Frankismoaren gorrian ezagutu nuen hitz horren atzean zegoena: oposizioa polizia eta guardia zibilaren atzaparretan uztea. Etxeko sukaldean entzunak, kalea, eskola, lantokia zuen kabi, norberaren identitatea ezkutatzea derrigortzen baitzigun. Ez zen erreza. Frankoren aldeko industriaren presentziak guztia zuen harrapatua. Gerra galdu zutenen umeak izaki eta gurasoengandik jaso genuen irabazleekiko beldurra. Halakoarekin argi ibili, halakoaren semea baita eta osaba ere falangekoa du. Edo karlista. Mutilkozkorretan ez genituen genero horiek bereizten. Frankoren aldekoak ziren eta agian txibatoak. Begiak luze eta belarriak adi. Tartean, izango ziren kontzienteki salatzen ez zutenak, nahigabean beren ingurutan mingaina dantzatu eta jotako doinuaren ondorioak ezagutzen ez zituztenak. Agian. Bat baino gehiago dut buruan, orain bere burua antifrankistatzat aurkezten duena. Basta Yakoek azaleratu dute txibato hitza, Batasuneko militanteei erasokor egotzita. Euskal Herrian España helburu, beren konstituzioaren aldeko industriak, poliziak eta guardia zibilak lehen lerroan, bere menpeko nahi gaitu. Ez dira kapaz izan hitz berririk asmatzeko. Eta nago, martxa honetan gu ere hitzik gabe utziko gaituztela ETA ez bada gramatikara dedikatzen