Iraki erasotzeko planen inguruan Europa (gobernuei dagokienean hitza mugatuta erabili behar bada ere, nahiko erabatekoa baita kontinente zaharreko iritzi publikoaren ukoa) eta Estatu Batuen artean sutu den ezadostasun politiko biziak iraganari buruzko ika-mika zabala bezain zabarra sutu du. Etorkizunerako jokoan dagoenaren inguruan nabari den isiltasun deigarriaren alderantzizkoa esango nuke. Historiaz puztuta eta geroaz ahaztuta bagenbiltza bezala, beraz.
Frantziak eta Alemaniak erdibana erditu duten ekimena Eliseoko Itunaren 40. urteurrenaren itzalean argitaratu izanak edukiko du zerikusirik, seguruenik.
Gainerakoak gaztexeagoak izango dira, baina D. Rumsfeldek orduantxe hasi berria zuen bere karrera politikoa Illinoisen, eta oraindik gogoan izango du zein grazia gutxi egin zion hitzarmen hark Estatu Batuetako «stablishment»ari, eta batez ere, bere alderdikide errepublikarrei. De Gaullek akordioari eman zion kutsu antiamerikarragatik bereziki (alemaniarrak ez zeuden AEB maiseatzen hasteko moduan). Lehengo lepotik dugula burua europarrok, pentsatuko du emigrante alemaniarren oinordeko honek.
Pentagonoko buruzagiak «Europa zaharrari» egiten dizkion purrustadetan, «Europa berriari» zuzentzen dizkion lausenguetan baino funts gehiagorik ez balego, lasai egin behar lukete lo Chirac, Schroder eta gainerakoek.
Ondotxo dakite batzuek nola besteek une honetan Estatu Batuek gure alde honetan duten baza sendo bakarra Britainia Handia dela; eta gainerako guztian, lekuan lekuko agintari(txo)en gutizia. Ez dago bereziki inor aipatu beharrik.
Estatu Batuek Europari zuzentzen dizkioten kritiketan bada, ordea, desitxuratuta bederen, benetako arrazoirik. Batez ere «zeuon arazoak konpontzeko gauza ez zarete izan inoiz» diotenean. Horretarako usu erabiltzen dituzten adibide historikoak dira gutxienekoak, ia erabat faltsuak baitira hausnarketa historiko minimoaren arabera. Zer esanik ez Normandiako hilerrien argazkiari «Europagatik hil ziren» goiburua ipintzen diotenean. Lafayetteren estatuari «hau gabe, AEBrik ez zen izango» plaka ezartzea bezain barregarria da.
Ez da hau Estatu Batuek bi mundu gerretan eta, beraz, XX. mendeko Europaren bilakaeran jokatu duten rola arakatzeko parada. Bai, ordea, egungo Europak bere arazoak konpontzeko erakutsi duen ezintasuna onartzekoa: 90etako hamarkadan Balkanetan gertatua gogoratzea nahikoa eta gehiegizkoa da. Lauzpabost urtez arazoa bere horretan, hots, odol putzu batean, itotzen uzteko baino ez zen gauza izan kontinente zaharra. Arazoa zein eta konponbidea zein den erabaki ezinetik hasten dena.
Baina horrek, bidenabar, ez du egiaztatzen Ipar Amerikaren «gaitasunik». Balkanetako kasuak berak nahiko adibide izan behar luke: bere interesak auzitan ikusi zituenean soilik esku hartu zuen Clintonek; eta zer «konpondu» zuen ikusteko, egungo anabasa begiratu besterik ez dago. AEBek bere autoafirmaziorako erabiltzen duten mitoetako bat da «Europako arazoen konpontzailearena», beste nazio-mito gehienak bezain iruzurtia.
Azken finean, Estatu Batuen «konponketarako» gaitasuna Amerika Latindarrean ikusi da historikoki, bi mendez. Eta horixe da, hain zuzen, Irakeko krisi honek, bere gordintasunean, nabarmentzen duena: Bush, Cheney, Rumsfeld eta abarren Estatu Batuek, Amerika Latindar handi bat bailitzan ikusten dute mundu osoa. Garai batean Guatemala, Nikaragua, El Salvador, Granada edo Panama zirena, egun Afganistan, Irak, Iran eta auskalo zein izan daitekeen. Eta banana edo industriarako lehengaien rola, ditxosozko petrolioari dagokio orain, noski.
Bost kontinenteek osatuko lukete, beraz, Estatu Batuen «etxe atzeko baratza» etorkizunean. Eta bere garaian Brasil, Argentina edo Mexikok jokatu rola egokituko litzaieke biharko egunean Alemania, Frantzia, Errusia edo Txinari. Eta ez da harritzekoa hauek pozez beterik ez egotea.
Iraganak ez du geroa behartzen; aurreak erakusten du, ordea, atzea nola dantzatu, oraindik ere