Bordelen ikasten ari zela lagun batzuekin Le Petit Theatre de Pain taldea sortu zuen baxenafar honek. Ordutik zortzi bat antzerki ikuskizun atondu ditu Larresoron egoitza duen konpainiak. Antton Luku antzerki idazle eta aktorearen lanak eszenaratzea xede duen Hiru Punttu taldean ere aktore aritzen da, euskara hutsez. "Bidean eskuin-ezker anitz" izan dituela aitortzen duen arren, antzerkia hesteetan barrena sartua duela bistan da.
Hego eta Ipar Euskal Herriko antzerkigintzek ezagutzen dute elkar?
Euskal Herrian zubi anitz oraindik ere ez dira eginak antzerki munduan, eta lotura eskasian gabiltza. Beste sail batzuetan, bertsolaritzan edo dantzan, loturak badira, badute halako egituraketa bat aski aitzinatua. Antzerki mailan oso gutxi baina. Harremanak ere, aktore mailan edo difusio mailan, oso urriak dira. Iparraldean ez ditugu ikusten Hegoaldeko antzerkiak eta Hegoaldean Iparraldekoak ere izugarri gutxi. Taldeetan ere jendeen arteko trukaketa gutxi izaten dira.
Maskaradarekin lan egitean, zein zailtasun izan da nabarmenena?
Hizkuntzarena gainditu beharreko traba izan da. Nik, Iparraldekoa izaki, "r" guztiak modu batera esaten ditut, eta azentua ere ezberdina dut. Hala mantenduz gero, nahi ez genuen zentzu bat hartuko zuen pertsonaiak. Bakarti litzateke besteen artean. Horregatik Hegoaldekoen ahoskatzeko moldera egokitu behar izan dut. Nire kapitalerako bidaian, Bilborakoan, banekien nireak nituen gauza batzuk bidaia-poltsan utzi beharko nituela.
Hegoaldeko aktore asko Madrilera joaten da lan bila, Iparraldekoak, aldiz, Parisera?
Egia errateko, Iparraldean dauden aktoreak ez dira milaka eta orain arte gehienak hemen gelditu dira, hemen zerbait egiten saiatuz. Bordelen ikasten ari ginela, nabaritu genuen bai halako joera bat, baina tira, guk beti taldearen aldeko hautua egin izan dugu. Antzerkia lan kolektiboa eskatzen duen arloa delako dugu gustuko. Beraz, ez dut Parisrta karrera baten bila joaten dena kritikatzen, baina guk beste logika batean sinesten dugu.
Antzez estilo ezberdina al daukagu Hegoaldean eta Iparraldean?
Badaude ezberdintasunak, baina nik ez nuke esango Hego edo Iparraren artean banatzen direnik. Antzez estilo ezberdina darabilte taldeek euren artean, eta era berean, aktore bakoitzak bere eredua du