argia.eus
INPRIMATU
M-9, MM-111...
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Kodigo zatar bat diruditen hizki eta zenbaki hauek landare batzuk sailkatzeko erabilitako izenak baino ez dira. Sagarrondoak mentatu edo txertatzeko erabiltzen ziren oinak behingoz sailkatzea eta ikertzea otu zitzaionean, Ingalaterrako ikertzaile batek sortuak dira izen xelebre hauek. Europa guztian barrena erabiltzen ziren mentu oinak bildu eta egokienak bereizi zituen. Bereizketa hartatik ateratakoen klonak dira egun sagarrondoak txertatzeko ia erabat erabiltzen diren oinak. Lur mota, ur aukera eta txertatutako fruta arbolari emango dion tamainaren arabera bereizten dira. Gerora mentu oin gehiago sortu dira eta han eta hemen egiten diren saioetan probatu izan dira.

Nik dakidala fruta arbola zale bakan batzuen saiotxoak izan ezik Euskal Herrian ez da honelakorik egiten... Hala ere, arbola hauek erosterakoan behinik gogoratu: landatu nahi dugun barietateak -txalaka, errezila...- adinako garrantzia du zein mentu oinaren gainean txertatua dagoen jakiteak, honek esango baitigu gure lurretan ondo etorriko den, zenbateraino haziko den, zer tarte utziz landatu behar ditugun... Urteetara damutu baino hobe da bete-betean dugun landaketa sasoia ahaztu eta hurrengo urterako gutxienez beste bitan pentsatu...