1. Erasoa zuritzeko aipatzen diren bake- eta segurtasun-helburuen atzean interes ekonomiko eta geoestrategiko indartsuak sumatzen direlako: petrolio-kiratsa dutelako, alegia!
2. Aurre egin beharra dagoelako Ameriketako Estatu Batuek (AEB) mundu osoan beren borondatea ezartzeko grinari. AEBetako agintariek etengabe asmatu eta ikaratu nahi izaten gaituzte fikziozko mamuekin, beti behar dute arerio artifizial edo birtualen bat (Sobietar Batasuna, Kuba, Libia, Bin Laden...) beren politika zuritzeko.
3. Saddam Hussein ez delako bakearentzat Bush eta Sharon baino arrisku edo mehatxu handiagoa. Eta desarmatzen... nork bere etxetik hasi beharko luke. Golkoko gerraren ondoren Iraki ezarritako baldintzek eta etengabeko kontrolek ondo mugatuta daukate haren indar militarra; omen dituen armekiko prebentzioa, ezin al dute Nazio Batuen Erakundeko (NBE) ikuskatzaileek eta presio politiko-diplomatikoek lortu?
4. Irakeko erregimena munstro bat baldin bada, AEBek eurek gizendutako munstroa da (Noriega, talibanak, Bin Landen... bezalaxe); bestetik, Irakekoa bezain demokrazia urriko gobernuak, anker eta larderiatsuak, badira gehiago ere Ekialde Ertainean eta handik kanpo: asko AEBen lagunak!
5. AEBek ez dutelako inolako eskubide moralik eraso militarrez Irakeko erregimena aldatzeko, mundu osoan zehar beren intereseko diktadura odoltsuak babestu baitituzte luzaroan. Ondo ezaguna da Bush, Sharon edo Aznar bezalakoen bake-gosea: liskarti harro hauek, nork bere eremuan, sua piztea baino ez dute egin (Bushek Ipar Korean suspertu berri duena ez da txikienetakoa...).
6. Erasotzaileena zinismo handi samarra delako: Iraken iparraldean kurdoak babesteko aitzakiaz eremu handi bat kontrolpean hartu zuten berberek ezer gutxi egiten dutelako kurdoak txikitzen dituen Turkia aliatuaren aurka.
7. Hipokrisiarekin jarraituz, NBEren ebazpenak "erabat eta zorrotz" ez betetzea ez delako inor armaz erasotzeko arrazoi. Hor dagoelako Israel ere, arazo handienetako baten sorburu, NBEren ebazpenak aspaldian mespretxurik handienaz hartzen dituena, inork erasorik edo presio handirik egin gabe.
8. Erasoa ongi babestutako politikariek eta goi-militarrek prestatu dutelako, gero herritar xeheok diruz eta soldadu koitaduek odolez ordaintzekotan. Eta, batez ere, erasoaren "zehar edo albo-ondorioak" (eufemismo bitxia!) erabat errugabeak diren Nahala, Hamed, Seiat... zibilek pairatuko dituztelako, orain indarrean dauden zigor ekonomikoak bezalaxe.
9. Mendebaldeak ezin duelako jarraitu Islamarekin etsaitzen eta herrialde musulmanen artean gorrotoa pizten. Ez al dira egungo Bin Laden, Al Kaeda eta antzekoak amorru horren berorren sorkariak?
10. Iraken aurkako eraso militarra putzu beltz baten ahoa delako, eragin ditzakeen ondorioak kontrolatzeko aukerarik gabe. Dena den, ausarkeriazko abentura kriminal honek, etikoki onartezina den giza sufrimenduaz gain, egonezin ekonomiko eta politiko izugarria eragiten du.
11. Gerra ez delako "variété" edo ikuskizun telebisatua, arma-jolas birtuala. Eta airean izar-hauts bihurturiko zazpi astronauta amerikarrek adina balio dutelako Bagdadeko aldirietan gerra-hutsegitez erraustutako zazpi irakiar anonimok.
12. Itxaropenari ate bat zabaltzeko: gizatasuna piztikeriari nagusitu dakion. Gerratan gezurra, nazionalismo irrazionalak, matxismoa, etab. indartu, eta egia, espiritua, ontasuna, etab. ahultzen direlako. Udaberria lehenbailehen etor dadin eta erne daitezen loreak... Irakeko basamortuan ere!