argia.eus
INPRIMATU
Hasier Etxeberria: «Penagarria egiten zait erdal komunitateak ez izatea gurearekiko interes gehiago»
2003ko otsailaren 23a
Pozik dago Hasier Etxeberria irakurle gisa miresten dituen bost idazle "etxekolanak" egiten jarri eta lortu dituen emaitzekin. On dira pentsalariak bere herriarentzat, nahiz beren gogoetetan bat ez etorri, edo horregatik hain zuzen. Kontua da irakurle euskaldunak oso ondo hartu duela "Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan" liburua. Lau mila ale inguru saldu omen dira dagoeneko! Besterik da, ordea, euskaraz ez dakien gure herriaren zati gorrak eduki zuen jarrerak kazetari eta idazle elgoibartarraren baitan piztu duen sumindura. Izan ere, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Joseba Sarrionandiaren gogoetak irakurri eta gero erdal komunitateko euskal hiritarrek errespetu gehiago edukiko zigutelakoan zegoen…

Aukera bakoitzak dakar zer edo zer baztertu beharra. Zuk bost idazle aukeratu dituzu, ez edonolakoak, baina bost. Haserrerik izan duzu egindako aukeraketarengatik?
Haserrerik ez, begirada hotzagoak bai. Eta ez bakarrik idazleen aldetik, baita euskalgintzan dabiltzan zenbait ustez lagunen ingurutik ere, lan hau nik egin dudalako eta ez haiek. Bada, asko sentitzen dut, baina niri bururatu zait eta nik eduki dut adorea. Ez dut esango ni besteak baino hobea naizenik, baina behintzat asmoa eta indarra nik eduki dut une zehatz horretan, hori ezin zait ukatu. Bai, sumatu dut zerbait, baina ez gehiegirik ere. Gehiago sumatu dut idazleen artean poza eta, nahi baduzu, inbidi sano bat. Esan nahiko balute bezala: «Bazen ordua!». Esker on bat ere badago hemen, ez bakarrik bost idazle hauei, baizik ete idazleon jarduerari! Eta zergatik bost eta ez zazpi, edo zergatik ez emakumerik, horretan oso erraza daukat erantzuna: irakurlea da errege, eta ni naizen irakurle honek kontsideratu du, inolako azterketa akademikorik gabe, bost idazle horiek direla nigan interes gehien sortzen dutenak. Ez akaso lanik hoberenak eurenak direlako, egon daitezke lan hobeak. Baina niri asko interesatu zait hauek idazle izateaz gain eduki duten konpromisoa euren garaiarekin eta ni bezalako tipoekin. Azken batean argia bilatzen duzu zu baino listoagoak direnengan, eta hauek bostak dira ni baino listoagoak. Badaude gehiago ere, baina niretzat hauek izan dira nabarmenenak.

Irakurlea izan omen duzu zure lan honen abiapuntu eta helmuga. Zer esan nahi duzu horrekin?
Ni hartzen naute idazletzat edo kazetaritzat, baina bi jarduera horien oinarrian irakurle bat dago. Eta ni, nire familiarengatik, txikitatik izan naiz euskarazko produkzioaren irakurle. Eta nik hori bizi nuen egiazkoa balitz bezala: hor bizi nintzen, hor irakurtzen nuen, heziketa ere ahalik eta gehien euskaraz jaso nuen… Gero ateratzen nintzen Elgoibarko nire lagunekin eta inork ez zituen nire erreferenteak, baina ni unibertso horren barruan bizi izan naiz. Esate baterako, Rikardo Arregi hil zenean -txiki-txikia nintzen arren, prakamotzetan ibiltzen nintzen oraindik-, Mendaroko hiletara joan nintzen, eta han ikusi nuen lehenengo aldiz nire euskarazko unibertsoko akademiko eta idazle haiek benetan existitzen zirela. Eta nolabait unibertso horren baitatik abiatuta idatzitako liburua da nire hau.

Zeren bila zihoazen?
Neure burua argitu nahian: ia nire unibertso hori benetan anormala zen ala ez ikusi nahian. Eta zalantzak izan ditut, zeren ikusten nuena zen nolabait perbertsio bat zela gure letrekiko, gure historia hurbilarekiko, gure barneko gauzekiko neukan interesa: konpromiso ezberdinak, politika jarduerak, borroka armatuarekiko harremanak, erdaldunekiko loturak… hori dena. Nire baitan pixka bat argitzeko izan zen, eta uste nuen perbertso samarra izan zitekeela, eta perbertsio guztiak bezala oso partikularra. Pentsatzen nuen: Nori interesatuko zaio hau? Baina banuen susmo bat, eta konturatu naiz batzuei interesatu zaiela eta dezente gainera.

Nolako erantzuna jaso du liburuak euskal irakurlearen aldetik?
Uste nuena baino hobea. Lau mila ale inguru saldu dira dagoeneko!

Liburua erosi bai, baina zenbatek irakurriko ote zuen?
Hau bai! Nik uste dut liburu garesti samarra dela irakurri gabe uzteko. Ez da nobela bat edo liburu arrunt bat. Erosteko, benetan eduki behar duzu, edo gogo handia, edo bestela bateren batek belarrian ondo esan dizu merezi duela. Nik hemezortzi liburu dauzkat kaleratuta, batera eta bestera, era guztietakoak, eta inoiz ez dut sumatu horrelako erantzunik. Are gehiago, esaten da irakurle euskaldunik ba ote dagoen edo ez dagoen. Egia esan, ez dut kritika negatibo handiegirik jaso, eta hori ere kezkagarria da, zeren zer edo zer edukiko du txarra, ez? Baina niri behintzat balio izan dit ikusteko irakurlego bat badela eta gainera kalitatezkoa dela: benetan segitzen ditu horko gauzak, eta batzuetan nik baino hobeto aztertu ere bai.

Sortzetik izan omen du lan honek espainolez ere agertzeko asmoa. Nolako harrera izan du gaztelerazko bertsioak?
Gaur arte behintzat erdarazkoaren bizitza askoz ere tristeagoa izan da. Lau saldu badira euskaraz, bat saldu da espainolez. Asmoa zen erakustea beste parte horri gu zer garen eta benetan simulakroaren teoriari ere aurka egitea, adieraziz benetan baditugula idazle onak, bakoitza gainera kolore bat da eta begira zer intelektual maila duten, begira zer ari zareten galtzen! Hau gertatzen ari da zuen ondoan eta ez duzue hemendik ezer hartzen! Baina ez dago interesik! Ez dut esan nahi liburu honena neurgailu zehatza denik, baina nik gehiago espero nuen. Milara ez da iristen espainolez saldu dena, egin genuen ahaleginarekin: lau itzultzaile, editoreek liburuan jarri duten indize onomastikoa, Lizardi edo Orixe esaten denean, kasu, nortzuk izan ziren azalduz… Eta oso-oso kezkaturik nago. Penagarria egiten zait erdal komunitateak ez edukitzea gurearekiko sentsibilitate edo interes gehiago. Hala ere, konbentzituta nago ni hil baino lehen espainolezkoa gehiago salduko dela -zenbaki absolutuetan, eh!- euskarazkoa baino.