argia.eus
INPRIMATU
ALKOHOL GEHIEGI
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Zuzenean edo zeharka, alkohola izan zen ia 12.000 hiritarren heriotzaren faktore baldintzatzailea 2001. urtean. Datu horixe irakur daiteke Drogei buruzko Espainiako Behatokiaren azkeneko txostenean. Eta txosten horretan gogoratzen da Espainia munduan gehien edaten duten herrialdeen artean zortzigarrena dela, biztanle bakoitzeko kontsumoa 9,9 litrokoa izanik urtean, batez beste. Zifra ikaragarria da hori, harrotasunerako baino lotsarako motibo nahikoa eman beharko ligukeena. Alkoholak eragindako biktima gehienak gaixotasunen batek jota hil ziren (zirrosia, edota aho, faringe eta hestegorriko minbizia, garrantzitsuenak baino ez aipatzearren), eta gainerakoak, ia 2.500, alkoholaren eraginez gertatutako trafiko istripuetan.

Panorama latz hori ikusita, erraz uler daiteke orain hilabete pare bat Bartzelonan egin zen Espainiako Alkoholiko Errehabilitatuen XXI. Kongresu nazionalean Gonzalo Robles adituak esatea alkohola dela, oraindik ere, gure gizarteak duen droga mendekotasun okerrena. Hala ere, badirudi panoramak zertxobait hobera egin duela, azken urteotan. Kontsumoa jaitsi egin da, duela 10 urte kontsumoa 14 litrokoa baitzen (urteko eta biztanleko), eta gaur egun 10etik beherakoa. Baina badira, oraindik ere, kezkatzeko motiboak: asteburuetako kontsumoa asko igo da, eta batez ere gazteen artean nabaritu da igoera hori. Horrela 14-16 urteko gazteen %58k edari alkoholikoak edaten dituela aitortzen zuen duela gutxi egindako inkesta batean eta %14k alkoholarekiko mendetasuna zuela aitortzen zuen