Oraindik datu ofizialik eman ez duten arren, jakin badakigu Hego Euskal Herriko portuetan, hots Bilbokoan eta Pasaiakoan, 2001ean bezalaxe gutxituz joan zela merkantzien zirkulazioa. Euskal Herriko beste portuari buruz, hau da, Baionakoari buruz, ez dugu daturik. Eta, ildo horretan, kezkatzen hasita, Bilboko portuan, Euskal herriko portu komertzial ardurakoenean, nola gutxitu den da kezkatzekoa. Kontuak horrela, eta jabeturik bi lehiatzaile handienak (Bartzelona eta Valentzia) aldea ateratzen ari zaizkiela etengabe, larritu egin dira jardun horrekin ikuskizun duten sektore ekonomikoak eta politikoak. Oraintsu, "Lastre en el Puerto de Bilbao" izeneko editorial bat argitaratu du «Empresa XXI» aldizkariak, eta honela dio letrak: "Maiz seinalatu dugu Bilboko portua funtsezko azpiegitura dela garapen ekonomikorako; Bizkaikorako bai bederen. Hala izan zen lehen, eta hala izango da geroan. Portu horretako zirkulazioak zimendatu zuen Espainiako merkantilismo modernoa, eta portu horren kaiek ederki ispilatu dute azken mendeetan herrialdean gertatu den industrializazioa. Gaztelako artiletik ekipamenduetako ondasunetaraino, etengabe, urteen joanean. Ordea, badirudi historia horren kate mailak kraskatzen hasi direla...".
Egia da, izan, itsasoari lurra janez, handitzen ari direla Bilboko portuko instalazioak, baina, hala eta guztiz, oraina ez da batere oparoa. Lehen esan bezala, oraindik ez dago, Bilboko portuari dagokionez, 2002ko zirkulazioaren gaineko datu ofizialik. Badira, ordea, hileko batez besteko bilakaerari buruzko datu ofizialak. Zifra horiek jakitera ematen dutenez, Bilboko portuak %4,3 inguruko lermarekin itxi du 2002ko ekitaldia. Alabaina, 2001ean izandako %3,3ko jaitsiera erantsi behar zaio beherako horri. Ofizialki egiaztatua ez bada ere, esan daiteke 25,5 tona ingurukoa izan dela Bilboko portuko 2002ko zirkulazioa (zirkulazio lokala eta horniketak kontuan hartu gabe). Kontuak ateratzen hasita, 1998an baino milioi bat tona gutxiago. Zirkulazio horretan, ontziratu gabeko likidoak dira nagusi: %51,57 gutxi gorabehera. Produktu horien ondotik, honako hauek agertzen dira hurrenez hurren: merkantzia orokorrak (%30,43) eta ontziratu gabeko solidoak (%18).
Bilboko Portu Administrazioko arduradunen ustez, bi arrazoi nagusirengatik gertatu dira emaitza kaskar horiek. Batetik, ekonomiaren moteltzea gertatu da. Bestetik, trantsizioko aldia egokitu zaie. Hau da, duela hamar urte hasi ziren portua handitzen, eta moldaketak 2004. urtetik aurrera izango omen du eragina zirkulazioan. Bien bitartean, berarekin lehia handiena duten portuek, hots, Bartzelonakoak eta Valentziakoak, gora eta gora egiten dute. 1992tik 2001a bitartean, Bilboko portuko merkantzia orokorra, balio erantsi handiena sortzen duena, %71,46 hazi zen, hau da, Estatuko batez bestekoa baino 50 puntu gutxiago. Aldi horretan, %221,6 hazi zen Valentziakoa eta %138,6 Bartzelonakoa. Edukiontzien zirkulazioaren kasuan, Bilboko portua 204.426 teusera heldu zen 2001ean: %122,27ko igoera izan zuen (estatuan, %165,15 izan zen batez bestekoa). Valentziako portuak %306tik gorako igoera izan zuen ekitaldi horretan; 1,5 teusetik pasatu zen 2001. urtean