Toni Negrik «Inperioa» liburua argitaratu zuenetik eztabaida teoriko interesgarria ematen ari da zenbait zirkulutan. Niri asko gogoratzen dit, duela mende bat super-inperialismoaren inguruan piztu zuenarekin. Garai hartan ezkerreko teoriko batzuk zera zioten: kapitalismoak jadanik mundu izaera du eta beren frakzio nagusiek estatu guztietan dituzte interesak eta ez dute zergatik elkar mokoka ibili beharrik. Beraz, elkarren artean gerra egiteari utziko diote eta mundua ustiatzera mugatuko dira. Beste batzuk, alderantzizkoa gertatuko zela ohartarazi zuten. Eztabaida berehala argitu zen. Lehen Mundu Gerra hasi zen nork merkatu eremu handiagoak eskuratu nahian.
Negriren ustez, egungo kapitalismoak ez du kokapen konkreturik, ia ez du loturarik politikarekin (estatuekin), eta erakunde desberdinen arteko sare faktikoen bitartez funtzionatzen du. Hots, inperialismoa inperioa bihurtu da eta egun munduan agintzen duen sistema bakarra da. Eta ez dago lotuta inongo potentzia militar zehatz batez. Horren konklusioa litzateke, ezkerraren estrategiak ez duela boterea helburu izan behar; ezkerrak sistematik kanpo borrokatu beharko luke. Asko eta asko ez daude ados, jakina, baina etsaia, AEBak, begi bistan dago, ikusi nahi duenarentzat behintzat.
Duela mende bateko eztabaida gogoratzeak ez du esan nahi, eztabaida berbera dela. Bistan da egungo kapitalismoa ez dela duela mende bateko jarraipen hutsa, mutazio oso sakonak ezagutu duen sistema baizik. Negrik arrazoi du estrategiaren alorrean aldaketak behar direla dioenean. Baina huts egiten du inperioa (sistema, egitura, sarea) inperialismo izateari utzi diola dionean, edo, estatuek ez dutela garrantzizko paperik beteko.
EGUNGO kapitalismo globalizatuak ere, ustiaketa estrategia behar du, mundu guztiko baliabideen ustiaketa etengabeaz jarrai dezan; kapital fluxuen erakartzeaz, eta erregaien errekurtsuen etengabeko pilaketaz. Eta horretarako, potentzi militar baten sostengua behar du, are, potentzi horrekin hezur mamitu behar da. Zergatik? Hasteko, harrigarria litzateke horrelako politikak erresistentziak ez sortzea, eta kasu horretan nork aterako lizkioke babak heltzetik Inperioari? Gainera, multinazionalak, erakunde internazionalak, ama askoren seme-alabak izan arren, gehienak, jatorri zehatzeko jabeak dituzte, bakoitzak berea.
Jakina, egun, jaun eta jabe, AEBak dira. AEBak dira, inoiz izan den inperio erraldoiena, zinikoena, zuriena, harroputzena. Mundu guztiari zer egin behar duen agintzeko gai dena, baina berari kontrako ezer ezin zaiona esan. Helburu oso garbiak ditu: egungo kontrol estrategikoa urte luzetarako bermatzea. Eta horretarako, gerra egingo dute, baldin eta gauzak okertzen ez bazaizkio.
Irak erasotzeko erabakia, Afganistanekoaren bigarren fasea litzateke. Kaukaso osoan muturra sartu du eta orain, Persiar Golkoaren kontrol zuzena nahi du AEBk. Irakek hori ahalbideratuko lioke. AEBk, bere petrolio erreserbak direla medio, petrolio ekoizleei izugarrizko presioa egingo lieke, eta batez ere etorkizuneko giltza izango luke. Mundua helburu, Sobiet Batasuna erori zenetik, AEBren egokiera etengabekoa izan da. NATO, gerra hotzaren baitan sorturiko defentsarako erakundea, bertan behera utzi beharrean erasorako tresna bihurtu zuten, edozein tokitan edozein unean edozein aitzakia (terrorismoa, narkotrafikoa, giza eskubideen urraketa) dela medio berak nahi ahala eraso dezan. Irailaren 11aren sindromeaz baliatuz, eskuak guztiz libreak izatea lortu zuten, Nazio Batuen kontrolpetik alde eginez.
ARRAZOIAREN indar morala aldarrikatu ohi du ezkerrak bere estrategiaren oinarri. Eskuinak, berriz, indarrak ematen duela arrazoia. AEBentzat, aitzakia nahiko. Eta aitzakia edozerk ematen dio.
Sadam Hussein diktadore bat dela? Jakina. Munduan, giza eskubideak urratzen dituzten diktadura asko daude, asko eta asko, gainera, AEBek jarriak edo sostengatuak. Suntsiketa masiboko armak. Arma nuklearrak, arma kimikoak, bakteriologikoak, denak kontrolatu behar dira, beraienak eta aliatuenak izan ezik. Zeinek daki, egun zein den alor horretan AEBren benetako indarra?
Mundu globalizatuan ez omen dago benetako soberaniarik, beraiena, ordea, ukitu ezina, sakratua da. Besteentzat galarazia dagoena, berarentzat ez. Inkisidore gorenak, beretzako «bula» guztiak ditu. Eta bere legea onartzen ez duena terrorista da. Eta zigortua izango da nola edo hala. Zigortua, bai. Luzea da bere itzala, errukigabea bere mendekua. Baina nork zigor ditzake AEBren bidegabekeriak? Jendeak. Milioika ateratzen baldin bagara kaleetara, «gerrarik ez!» oihukatuz. Horregatik, Florentzia-ko Foro Sozialetik Otsailaren 15erako egindako «Gerraren Aurkako» deiak badu bere garrantzia. Kalera ateratzeko ordua da.