argia.eus
INPRIMATU
UTOPIA ETA ERREALITATEA
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a
Aste honetan, Porto Alegren, Brasilen, gosea eta pobrezia dauden lurretatik gertu, globalizazio neoliberal eta kapitalistaren aurkako eta globalizazio solidarioaren aldeko beste foro bat egin dute, Bush munduko petroleoaren jaun eta jabe bihurtzeko Iraken aurkako gerra prestatzen ari den bitartean. Euskaldunen ordezkaritza zabal eta anitza izan da Porto Alegren. Aldi berean, kapitalaren ordezkari handiek, multinazionaletakoek, bankuetakoek urteroko batzarra egin dute Davosen, oparotasunetik gertu. Lehenak, Porto Alegrekoak, klase eta gerrarik gabeko gizarte berri baten utopiaren ordezkariak dira. Bigarrenak, Davosekoak, egungo kapitalismo basatiaren errealitatearen ordezkariak dira. Porto Alegretik mundu justuago, berdintasunezkoago, solidarioago baten esperantza jaio daiteke. Davosetik ordea, kapitalismo gordinago bat atera liteke, nahiz eta beste aurpegi batekoa, itxuraz gizatiarragoa, izan. Porto Alegreko foroa aurrera egiteko beti beharrezkoa den utopiaren foroa da. Herrien historiak utopiei esker baino ez du aurrera egiten. Utopiak, Mario Benedetti idazlearen arabera, ez du diruaren erlijioarekin eta zekenkeriarekin bat egiten. Kapitalismoak partida bat irabazi du, ez txapelketa. Gora Porto Alegreko utopia!