Frantziako klase politikoaren barruan, berdeak gara askozaz deszentralizazioaren aldekoenak, zeren erregioen Europa baitugu gogoko. Horregatik, ahalik eta bizkorren ikusi nahi genuen gauzatua deszentralizazioaren II. partea, esparru horretan hainbesteko atzerapena metatu duen herrialdean.
Hasieran, aski interesekoa iruditu zitzaigun lehen ministroaren esperimentua, nahiz eta -hau zehaztea komeni da- interesari zuhurtzia handi bat elkartu zitzaion, ongi baitakigu zenbateraino dagoen konbikzio jakobinoz josia eskuineko parte handiena.
Deszentralizazioa, oro har, izan daiteke ekintza publikoaren efikazia indartzeko faktorea, bai eta berdintasun handiagorako bidea ere, herritarrari dagozkion zerbitzu publikoaren alderditik begiratuta. Deszentralizazioak, berebat, kontrol demokratikoa indartzeko balio beharko luke. Botereko txandei dagokienez, beti da hobe herritarrek inolako eskumenik ez duten teknoestruktura bateko funtzionarioak izatea baino hurbileko hautatuek kargua hartzea, zein arduradunak izango baitira boz-emaileen aurrean.
Erregio aberatsen eta pobreen arteko distribuzioaren beharra alde batera utzi gabe, funtsezkoa da berdintasunezko zentralismoaren mitotik libratzea (edota berdintasun zentralistatik askatzea). Izan ere, benetan, inoiz ez da berdintasunik izan Parisen eta probintzien artean. Berdeen iritziz, Europako arkitektura instituzionalarekin bat etorriz, erregioek eta haien barruko euroerregio mugakideek izan beharko lukete deszentralizazioaren ardatz eta motor, zeinek, halaber, identitate kultural lokalen indartzea ekarri beharko bailuke. Horrela, Euskal Herriko Berdeak taldekook adierazi dugu ezen hiru dosier enblematiko hauen harira neurtuko dugula oraingo gobernuaren deszentralizazioko borondate erreala:
Hurbiltasunaren eta efikaziaren izenean, oraintxe bertan Euskal Herriko departamendua.
Subsidiaritatearen eta demokraziaren izenean, laborantzako ganbera bat euskal laborarientzat.
Berdintasunaren izenean, Konstituzioaren 2. artikuluaren aldatzea (testu horren arabera frantsesa da Errepublikako hizkuntza), euskarari dagokion aukera emateko.
Ordea, 2003ko urtarrilaren 13an, astelehena, Pirinio Atlantikoetako parlamentariekin izaniko bilkuraz geroztik (bide batez esanda, parte-hartzaile batek bilera "surrealista" kalifikatu zuen orduko hura), Jean-Pierre Raffarin jaunak EZ erantzun die klarki hiru eskakizunei.
Guk sumatu bezala, Raffarinen mendia, azkenean, arratoi baten neurriko erreforma batez erditu da. Autista da oraingo gobernuaren jarrera hori, eta, horrez gainera, aski iraingarria herritar gehienen eskabideekiko eta hautatu euskaldunekiko. Beraz, mobilizaziorekin bakarrik erantzun ahal zaio. Horixe egingo dugu Euskal Herriko Berdeak taldekook, eta horrexegatik dei egiten dugu Batera Kolektiboaren ekimenezko datorren otsailaren 1eko manifestaziora