argia.eus
INPRIMATU
POLEMIKA "EUSKARAREN ETXEA"N
Pilar Iparragirre 2003ko urtarrilaren 26a
Kezkak eraman du Pello Salaburu "Euskararen etxea" idaztera. Barnean duen halako mintsura batek, duela hogeita hamar bat urte euskaltzaleek euskararekiko zituzten ametsak uste bezain ongi atera ez izanak sortutako kezkak, belaunaldi berrietan jarritako itxaropenak desitxuratu samar gertatu direlako zenbaitetan. Eta kezka horrexek bultzatuta jarri ditu kolokan D eredua, ikastoletan zein unibertsitatean hainbatek erabili ohi duen euskara batua, Durangoko Azoka, Ikastolen Egunak, ETB, «Euskaldunon Egunkaria», UEU eta beste zenbait "lorpen", egungo gazte euskaldun kezkatuari zuzendu dion mezu guztiz polemikoan.


GALDERAK EGITEKO ORDUA.

Oso kezkati ageri da Pello Salaburu bere lanik berrienean, eta hori, orain, duela 30 urte baino euskaldun gehiago izanik gure artean, aldaketa handiak gertatu direlako eta ez dagoelako batere seguru hemendik hogeita hamar urteren buruan orain baino euskaldun gehiago izango den gure artean. Eta izanik ere, gehiago edo gutxiago, bere ustean, "haien euskara oraingo euskaldunena baino ahulagoa izango delako, nola gure euskara den orain, orain dela hogeita hamar urte euskaraz mintzo zirenena baino ahulagoa".
Eta horregatik egiten ditu hainbat galdera. Hala nola: egia da, nahiz eta aurrera egin, euskaran agertu direla gaitz kezkagarri batzuk? Egia da euskararen erabilera ideologiaz zeharkatua dela? Egia, hizkuntzaren erabilerak kostu kezkagarri batzuk erakutsi dituela?
Galdera horien arrazoia, hauxe da, euskaltzainaren hitzetan: "Galderak egiten badira konponbideak aurki daitezke; aldiz, dena ongi dagoela pentsatzen badugu, edo uste baldin badugu galderak egitea bakarrik, konponbideak zein diren esan gabe, ez dela gauza ona, eta hori egurra ematea besterik ez dela, sentitzen dut ez bat etortzea".
Izan ere, Pello Salaburuk dioenez, arazoen konponbidearen abiapuntua, arazorik badela onartzen badugu segurik, jakina, galderetan dago, ez begiak itxi eta gertatzen den guztia udako ekaitza bezain naturala dela onartzean. Eta berak nahi lukeena da euskara guztiona, ez bakar batzuena bakarrik, izan dadin, orain eta beti. Eta nahi luke hau guztia orain gertatzea, "gure mintzo zaharra azkenekoz arras zerraldatu gabe, hil eta ondoan zopa ahora eramateak ez baitu deusetako balio".
Hamazazpi ataletan banatu du balizko euskal gazte bati zuzentzen dion mezua. Haien izenburuak guztiz esanguratsuak dira: «Euskarak inoiz ere izan duen presentzia du gizartean», dio lehenak, adibidez. Presentzia hori lortu bide du, egun bizi dugun gizarte modernoak ez duelako, oraingoz behintzat, euskara hil, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan, non, Salabururentzat, "hainbatean dago gure hizkuntza". Zoritxarrez, ordea, ezin du euskaltzain honek gauza bera esan Nafarroan edo Iparraldean dugun egoeraz. Nolanahi ere, puntu horretan behintzat nahiko baikor agertzen da. Eta are gehiago ere badio, zalantzari leku askorik utzi gabe, ondorengo hiru ataletan: 1) Euskara aurrean da gizartearen maila guztietan. 2) Euskal literatura inoiz baino hobea egiten da gaur egun. 3) Euskarak aurrera egin du.

HORREN GUZTIAREN KOSTUA.

Baina hori guztia ezagutu eta gero, honokoak ere ziurtatzen ditu Pello Salaburuk "Euskararen etxea" liburuko beste ataletan: «Euskara maila guztietara hedatzeak kostua izan du»-ela, kasu. Euskararen erabileraren garapenak kostua izan omen du umeen artean, batez ere ume euskaldunen artean. Kostua, baita gazteen artean ere. Eta Administrazioko langileen artean, eguneroko hizkuntza idatzian, lan merkatuan, eta gure eguneroko harremanetan (galde diezaiotela, bestela, berari 1997an gertatua, unibertsitateko errektore zela, Euskaltzaindiaren izenean lekukoa eramanez Korrikan parte hartu eta hainbat gazte oihuka hasi zitzaionean!). Horrez gain, Pello Salabururentzat, Euskaltzaindiak iparrari begiratu behar dio, hizkuntza kontuetan sinbolismoak indar gehiegi du, euskara arriskuan dago, eta euskara beharrezkoa dugu (baina ez bakarrik euskara).
"Atxagak, bere bakardadean -dio Salaburuk-, salatu du nonbait, eta gure gainean egin, gezur hutsetan gabiltzala euskara dela-eta, kontuak egiten ditugunean. Hemen ez omen da 700.000 euskaldunik ez eta ametsetan ere. Egin dituen kalkuluen arabera, 400.000 ingurutik hurbilago gaude, eta horietatik realeuskaldunak, hau da, euskaraz 5 minutuz behintzat etengabe mintzatzeko gai direnak, 100.000".
Horri dagokionean, Pello Salaburu, batzuk besteok baino isilagoak garela kontuan izanda, realeuskaldun horiek 100.001 izan gaitezkeelakoan dago. Baina txantxak alde batera utzita, horrek esanahi garbi bat dauka, alegia ez garela asko. Zer egin gehiago izateko? Bada, beharbada, zenbait galdera plazaratzen uzten ez digun ohorezko itun isila hautsi eta argi eta garbi mintzatzen hastea dugu, "Euskararen etxea"n agertzen den bezala.
"Esate baterako, eta galdera bere gordinean botatzeko -dio Pello Salaburuk batean-, euskaldunentzat, etxetik euskaraz egiten dutenentzat, adibidez, ona al da umeak D eredura bidaltzea? Ohartuak gara inoiz galdera horri?".
Eta horrelako galdera asko egiten ditu Salaburuk bere azkeneko lanean, bera bezain kezkatuak dauden euskaldunak elkarretara bildu eta denen artean erantzun egokiak aurkitzen saia daitezen