Oraingoz, aurrera doaz Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektu energetikoak. Lau egitamuetako bat, Bilboko portuan kokatu zuten "Badiak" deritzona, hain zuzen, bizkor ari da gorpuzten. Eraikuntzako lanak ia bukaturik dituztenez gero, datorren martxoan jarriko dute funtzionamenduan Bizkaiko Badia Elektrizitatea, eta, ezeren okerrik ez dela, horrela amaituko dute lehen fasea. Bigarren fasea ere, hots, Bizkaiko Badia Gasa izenekoa, datorren udazkenean ixtekotan dabiltza, aurreikuspenak ongi ari baitira betetzen. Abian dira, berebat, gainerako proiektuak, hau da, Petronor IGCC (Muskiz), Bizkaia Energia (Boroa) eta Iberdrola (Santurtzi), eta, egutegiak atzerapenik izan ez duenez gero, badirudi funtzionamenduan izango direla, hurrenez hurren, 2007an, 2005ean eta 2004an.
Kalkuluen arabera, 2.190 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute lau proiektu energetikoek. Ekoizpenari dagokionez, berriz, 2.800 MW generatzea aurreikusi dute. Proiektuak banan-banan hartuta, ondoko hauek dira egitamu bakoitzaren gaineko inbertsioak eta produkzio aurreikuspenak: lehen proiektuan, Bizkaiko Badia izeneko biak hartzen dituenean alegia, 600 milioi euroko inbertsioa eta 800 MW-eko potentzia instalatua; Petronor IGCC egitamuan, 1.100 milioi euroko inbertsioa eta 800 MW-eko potentzia instalatua; Boroan, 390 milioi euroko inbertsioa eta 800 MW-eko potentzia instalatuta; Iberdrolan, 180 milioi euroko inbertsioa eta 400 MW-eko potentzia instalatua.
Plan energetiko horrek herriaren kontrako erantzun handia izan du, baina, guztiarekin ere, ingurumenaren arloko zuzenketa batzuk erantsi eta gero, proiektuek beren bidea egin dute. Herriak Zornotzako Boroako proiektuari erantzun dio gogorren: mobilizazio ugari egin dute udalerri horretan, eta erreferendum bat egitera ere iritsi dira. Jakina denez, biztanle gehienak proiektua gauzatzearen kontra azaldu dira.
BIZKAIKO BADIA ELEKTRIZITATEA MARTXOAN.
Eraikuntzako aldia bukatu ostean, joan den azaroan hasi ziren instalazioa probatzen, eta, geroztik, progresiboki aritu dira lan horretan. Lehenbizi, bi gas turbinetako bat arrankatu zuten, gero bigarrena eta hurrena hirugarrena (hirugarrenak uraren lurruna baliatzen du energia gisa). Hain zuzen, 264 milioiko inbertsioa hartu duen sail horixe jarriko dute funtzionamenduan datorren martxoan. Hurrena, Bizkaiko Badia Gasa sailaren txanda izango da. Azpiegitura horren obrak udazkenean amaitzekotan dira, eta 2003. urte hau bukatu baino lehen jarri nahi dute abian. Badia biek 23 hektareako lurra hartzen dute, Bilboko portuan ari dira eraikitzen (Zierbenako arrantzako portutik hurbil) eta honako erakunde hauek dira proiektu horren sustatzaileak: BP, Iberdrola, Energiaren Euskal Erakundea (EVE) eta Repsol.
Badia Gasa instalazioa gas natural likidotuaren biltegia izango da. Metano garraioko barkuek ekarriko dute materia, eta bi eratako produkzioa atera nahi dute lehengai horretatik. Batetik, etxean, merkataritzan eta industrian kontsumitzeko energia generatu nahi dute; bestetik, Badia Elektrizitatearen kontsumorakoa, han energia elektrikoa sor dezaten. Badia Gasaren instalazioetan, bi zilindro ikusgarri ipini dituzte, gas likidotua hartzeko (-163 gradutan edukiko dute materia hori). 60tik gora metrokoak dira garaieraz, eta 175.000 metro kubiko gas kabitzen dutenak. 6 metro lodiko horma egin diete deposituei, ahalik eta seguruenak izan daitezen, eta, babesgarri gisa, hormigoizko etxea eta geruzak, txapak eta isolagarriak ipini dizkiete. Bestalde, goitik egingo dituzte kargako eta deskargako lan guztiak. Biltegiaren kontrolari dagokionez, aldamenean egin dute horretarako eraikina, eta handik emango dituzte depositutzar horien funtzionamenduko aginduak.
Arduradunek egin dituzten aurreikuspenen arabera, gaur egun, orduko 400.000 metro kubiko gas emititzeko gai dira instalazioak, eta, gerora, 800.000 metro kubiko emititzeko moduan ere jar omen daitezke. Gasaren erabilerari dagokionez, oraingoz 1.000 milioi metro kubiko izendatu dituzte etxeko, merkataritzako eta industriako kontsumorako eta 1.700 milioi elektrizitatea generatzeko.
Bizkaiko Badia Gasa plantatik metro gutxira dago Bizkaiko Badia Elektrizitatea instalazioa. Ziklo konbinatuko leku horretan, energia elektrikoa generatuko dute, Bizkaiko Badia Gasak hornitutako gasa baliatuta. Beste 336 milioi euro ari dira inbertitzen Bizkaiko Badia Elektrizitatea lantegian, eta sail berria datorren udazkenean jarri nahi dute abian. Besteak beste, izugarrizko tximinia egin diote: 120 metro ditu altueran, eta bi badien artetik gora ernetzen da. Arduradunek diotenez, 50 metro garaierako tximiniak dira ohikoak, baina, ingurumenaren eskakizunak tarteko, askoz altuagoa egin dute. Horrela, lantegiko emisio atmosferikoen kontzentrazioa gutxitu nahi dute. Instalazioetan, General Electric enpresak ipinitako hiru turbina ere badira: bik gasa elektrizitatean transformatzen dute; hirugarrenak, aldiz, konbustioko soberak aprobetxatzen ditu, eta, uraren lurrunaren bidez, energia generatzen du.
Aldi bateko 1.500 enplegu sortu dituzte aipatu bi instalazioek. Guztiz bukatutakoan eta funtzionamenduan jarritakoan, 100 lagunetik beherako plantilla finkoa izango dute. Egin dituzten kalkuluen arabera, zeharkako 100 bat lanpostu beharko dituzte: kanpoko langileek segurtasuneko, mantenduko, garraioko, lorezaintzako... lanak egingo dituzte.
IGCC ETA SANTURTZIKO TERMIkA.
Aurrekoez gainera, abian dira, halaber, Muskizko IGCC proiektua eta Santurtziko Termika. Petronor enpresak eraikiko du ziklo konbinatuko IGCC lantegia: 1.081 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusi du, eta 2007ko uztaila aldera jarri nahi du funtzionamenduan. Iberdrolaren Santurtziko zentral termiko zaharrari ere heldu zaio eraldatzeko garaia: ziklo konbinatuko instalazioa izango da, eta gasetik elektrizitatea ateratzeko baliatuko dute