Xabierrek zortea izan zuen joan zen astean. Kalean jolasean ari zela erori eta kopetan egindako zauria ikusita, bere gurasoek Pediatriako Larrialdietara eraman zuten. Eta bere gurasoen harridurarako, zauria ixteko puntuak eman beharrean, pediatrak tubo txiki bat atera zuen, "pegamentu moduko" likido batekin, eta zauriaren bi ertzetan pegamentua zabaldu, bi aldeak elkartu eta putz egin zuen, zauriaren bi ertzak lehor zitezen. Hautsitako tresna bat konponduko balu bezalaxe. Eta gurasoak aho zabalik geratu ziren medikuak esan zienean pegamentu hori Loctite ezagunaren oso antzekoa dela.
Kontatu duguna ez da zientzia-fikzioa, ezta gutxiagorik ere. Gurutzetako ospitalean, adibidez, Pediatriako Larrialdietan tratatzen diren 1.500 zaurietatik, urte osoan noski, hirutik batean-edo pegamentu hori erabiltzen da. "Eta oso emaitza onekin gainera", dio Javier Benito zerbitzuburuak. Dena den, metodo berria ez da leku guztietan erabiltzen, betidanik erabiltzera ohituta gauden tratamenduak aldatzea kosta egiten baita.
Baina metodo berriak abantaila ugari ditu: emaitza plastikoak -gera daitezkeen markak, alegia- jostura kirurgikoarekin gera daitezkeen berdinak dira, baina alderik nabarmenena umeari puntuak jartzerakoan (josterakoan) eragiten zaion beldurra, mina eta ezinegona saihestea da. Metodoa, bestalde, oso prezio onean dago: aplikazio bakoitzak 20 euro inguru balio ditu. Baina ez da bigarren bisitarik behar, puntuak kentzeko, zauriaren gainean sortzen den mintza bere kasa erortzen baita. Eta zauri askotarako balio du gainera: zauri garbiak, ez oso sakonak eta giltzaduretatik kanpo daudenak izaten dira normalean metodo berri honekin konpontzen direnak