KOLORE HIGATUKO DOKUMENTALA


2003ko urtarrilaren 19an
Trintxerpe udazken samur honetako eguerdi eguzkitsu batean, astegun buruzurian; auzoaren -herriaren?- ardatza den kale-errepide nagusia bor-bor, ama berriak kotxetxoei bultzaka, agureak zersuma, etxekoandreak poltsa karreoan, zein edo zein egunkariari so... Eszenak, horraino, ez dauka ezer berezirik, baina somatzen da zerbait airean, familia ugari bateko sala oso erabiliaren tankera hartzen du kaleak, dena pilatuta, gainezka: jendea, dendak, tabernak, kartelak... zerikusirik ez, esaterako, kilometro fisikotan hurbil baina sozialetan urrun dagoen Donostiako Abenidatik.


San Pedrotik aurrera, Faro de la Platarako bidearen bila genbiltzala, galdetu ere egin beharrik gabe izan ditugu gidari jubilatu ibiltariak. Pabilioi bateko horman "Galizia ceive" (sic) pintada urdinean. Berriki ikusi dudan gailegozko eskela gogora; Trintxerpeko eskeletan abizen gailegoak izaten dira nagusi, baina salbuespena da haien hizkuntza agertzea. Farorako bidean bi emakumezko ari dira errepide zoruko marrak pintatzen, udal brigadakoak itxuraz. Esango nuke lehen aldia dela emakumezkoak langintza horretan ikusten ditudana. Zeinen urruti sentitzen den Donostiako Abenida.
Trintxerpe, samur segitzen duen neguko iluntze buruzurian. Alkateordetzan dokumental bat estreinatzen dute: "Trintxerpe, galiziarrak Euskal Herrian". Ez dago jendetza ikaragarririk, baina bai dokumentaleko protagonista direnen lagin on bat. Hor dugu Xosé Estevez irakaslea, euskaldunen enbaxadorea gailegoen artean, gailegoen enbaxadorea euskaldunen artean. Badu segida; Rosa García Orellan Trintxerpen familia galiziarretik jaiotako antropologoa, Kantauriko mutur banatako arrantzaleen lan moduak ari da aztertzen. Rosak, dokumentalean, don Serafin Esnaola apaiza aipatzen -eta goraipatzen- du, gerra osteko hamarkada latz haietan egin zuen lanarengatik. Tamalez, don Serafin falta da estreinaldi honetan, bi hilabete orain, hil zela. Zorionez, don Serafinen testigantza paregabea, berak grabatutako superochoko irudi eta guzti, geratu da dokumentalean.
Protagonista horiek eta beste zenbaitzuk kontatzen digute lehen lerrotik Trintxerperen XX. mendeko historia, laburra bezain trinkoa, gorabeheraz betea. Horren lekuko, jasan duen izen eta ezizen dantza. Frankistek, zigor modura, Nª Señora del Carmen birbataiatu zutenekoa; intentzio graziosoegiz botatzen den "Bosgarren probintzia gailegoa" edo "La ciudad del dólar" deitzen zitzaionekoa, itsaso izoztuetako izerdiaz irabazitakoarengatik.
Errepublika garaiko Trintxerpe cenetistak sei lagun galdu zituen goardiazibilen esku Ategorrietan. 60ko hamarkadan apaiza kendu zioten Elizako agintariek, herritarren haserrea piztuz, eta ondoren, zigor modura, eliza itxi; don Serafin, jeltzalea bere bizitza osoan, konprometituegia zen garaiko jerarkiarentzat; nahigabe bat eraman du hilobira: Elizak Trintxerpeko kristau komunitateari barkamena ez eskatu izana, justiziaren kontra ezarritako zigor harengatik. Gaur egun, arrantzaren beherakadak eragindako krisi ekonomikoak atzetik dakarren krisi soziala ari da jasaten barrutia, Pasaiako alkate den Juan Karlos Alduntzinek aitortzen duenez.
Arragoa izan da Trintxerpe, ez bakarrik Galiziako etorkinen eta bertakoen artekoa; arragoa pobreziatik abiatu, aberastasuna ukitu eta muskilduta geratu direnentzat. Arragoa da bizkorregi eta nolanahi hazi eta gero, berriro bere neurriko jantziaren bila dabilen herria. Josu Iraeta eta Juanba Berasategi, dokumentalaren egileek, arrago horren zuribeltzak ezezik, urrezko urteetako kolore higatuak jaso dituzte dokumentalean, aldez aurretik gaztigatuz hau ez dela "turismorako propaganda". Bidaiak beste norabide bat du, Pasaiako barruti "dinamikoenean" zehar, alkatearen hitzetan; realitytik asko eta showtik gutxirekin


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude