Euskaldungoa bezain anitza izan nahi zuen ZERUKO ARGIAk, eta ikusmolde ezberdineko idazleak zituen. Baina, jakina, ezberdintasun horiek zekartzaten ondorioak ez ziren beti guztiz gozoak izaten, eta batik bat euskararen kontuan, zenbait betiko kolaboratzaile haserretu, eta bere lanak besapean zituela beste nonbaitera alde egitera erabakia zuen ordurako. Denean bat ez etorri arren, txintxo-txintxo astero bere lanean jarraitzen zutenen artean, berriz, «Basarri» zegoen. Baina hara zer zioen, «Bere Bordatxotik», 1973ko urtarrilaren 21eko zenbakian.
EUSKAL IDAZLE HERRIKOIAK
Bere irakurketa kutunenen egile bat zekarren kontura, hasteko. «Berrogeitamar urte dira Pedro Migel Urruzuno jauna il zala. Aren jaioterri Elgoibar’en ilbeltzaren amazazpitik asi ta ogeitazortzira, berebiziko jaiak ospatuko dira. Euskal idazle errikoirik iñor izan bada, bat ori Pedro Migel Urruzuno. Parre algara gozoa pranko egin genduen gazte denboran aren lanak irakurrita. Urruzuno’ren zerbait irakurtzen asten bazera, bukatu arte etzera geldituko».
Esandakoagatik garbi ikusten denez, Urruzunoren lanak oso gogoko zituen «Basarri»k, baina ez zezala inork uste zaletasun hori zeukan pertsona bakarra zenik, zeren «Sebero Altube euskaltzain (akademiko) zanak, euskal idazleen ispillu bezela izendatzen zuen. Berdin ‘Kirikiño’ ere. Zergatik? Gure erria iñork ez bezela ezagutzen zuten idazleak zirelako; ametsetako munduan ez zebiltzalako, garai artako eta gaurko idazle asko gabiltzan bezela».
Herriaren ohiturak, gustuak eta hizkuntza ezagutzen zituzten, eta noski, «erriak jarraitu egiten zieten, aien lanak noiz eta nun ikusiko egoten zan», zioen «Basarri»k, zenbait galdera bihurri egitera ekin aurretik: «Gure egunetan agertzen diren lan asko norentzat idatziak (eskribituak) daude? Zenbatek irakurtzen dituzte? Ta... zenbatek ulertu edo konprenditu? Artu degun bide au al da ain larri dagoen izkuntza salbatzeko bidea?».
Auskalo zer erantzun zion «Nere Bordatxotik» haren irakurle bakoitzak, baina nolanahi ere, aldez aurretik erabakia zuen auzia berak, «Etzegok toki txarrean!», baitzioen.
BURU GUTXIKO JOKAERAK
Gogoa asaldatzen zion zerbait zuen gizonak, eta kezka hura hobeto azaltzeko, Aita Zabala jesuitari entzundakoa zekarren kontura: «Urruzuno’ren denborako ainbat goi-maillako idazle, ainbat gizon argi, ainbat jakintsu, aitatu ere eztira egiten gaur. Eta mojatxoen konbentuko kapillau apala, ezerez ustekoa, or dago bizirik erriaren oroimenean», esan omen zien hark. Eta «Basarri»k, bere aldetik, honako gogoeta egiten zuen Aita Zabalaren egiaztapen haren inguruan: «Orain berrogeitamar urte ere oso buru gutxirekin jokatu baiziran ainbat eta ainbat euskal idazle. Garbizalekeriak zuen indar; puritanismoak, alegia. Kontu gero gure izkuntza erdel itz batekin kutsutu! Itz berriak sortu parrastaka, barkilleroak barkilloak egiten dituen bezela. Griegoa baino zaillagoko euskera bat sortu, erriak tutik konprenditzen etzuen euskera. Alako porruak atera zituzten! Kapillau apala danen gogoan. Beste aiek izan ziranik ere iñor oroitzen ez. Arrazoi zuen ‘Lizardi’ aundiak ‘izkuntza larrekoa’ edozertarako gai zan izkuntza egiñik ikusi nai izatearekin. Auxe ber-bera nai degu egitazko euskaltzale guztiok».
Beti izaten omen da norbait buruan zer edo zer idazten dugunean, eta nahiz hori ukatzen duenik ere ezagutzen dudan, «Basarri»k behintzat ordukoan bazuelakoan nago, zeren jarraian honakoa zioen: «Arrazoi du gure izkuntzalari jakintsuenak, ‘Xenpelar’en’ euskerak beretzat eztuela balio dionean. ‘Xenpelar’en’ euskerak, ordea, millaka eta millaka euskaldunentzat balio izan zuen, eta ala balio du oraindik ere. Gure jakintsuen euskerak zenbatentzat balio du?».
Ezkor agertzen zen «Basarri» Mitxelena eta besteren emaitza balioztatzerakoan: «Erria jakintsu oien euskera ausnartzeko moduan balego, gezur ikaragarria litzake euskera eriotzean dagola esatea. Batekoz bestera, arrigarrizko indarrean egongo litzake. Eztago, ordea. Larri, eziñean, negargarri dago. Au da egi bakarra, aitortu nai badegu ta ezpadegu. Erri xeak, erri apalak eutsi dio oraiñarte bizirik. Orain, gabetik goizera, lurrik ikutu gabe, laiñoetara igo nai degu. Erriari ostiko eman, utik! Esan, eta dozenerdi bat ‘intelektualek’ ulertuko duten euskera izenekoa idazteari ekin diogu. Ortan ageri gera buru-belarri».
Bere ustean, ordea, «gaurko erri xeak erdera askoz errezago konprenditzen du euskera klase ori baiño. Ta erderara dijoa abiada bizian. Geuk degu erru guztia: geu gera pekatari. Urruzuno, ‘Kirikiño’ Txomin Agirre, ta beste jaun txalogarri batzuren bidetik jo bagendu, besterik izango zan. Poliki-poliki ‘izkuntza larrekoa’ goietara jasoaz joango giñan. Poliki-poliki, ta ez gabetik goizera. Jakintza egoz apainduko genduen denboraren poderioz, erriari esku emanez ibiliz».
Eta etor zekizkiekeen ondorio txarren erremate gisara, honako hau iragartzen zuen: «Lengo neskazarrarena gertatuko zaigu azkenean: ‘Zaldizkoa nai, ta oiñezkorik ere azaldu ez’»