Elkarri muturrak apurtzea edo norbait indarrez menperatzen saiatzea zen guretzat «burrukan» egitea txikitan. Eskolatik burrukan eginda etortzeagatik etxean egurra hartzea ere ez zen batere arraroa izaten. Eta erromerien ondoren burrukaren batek egon behar izaten zuen derrigor, bestela festak ez zuen graziarik. Eta adineko baserritar txapeldunak ere ikusita gaude burrukan, mugarri konturen bat zela tarteko. Desobedienteak, berriz, zigorpean egoten ziren etxean zein eskolan. Eta, jakina, ez da harritzekoa bi hitz horiek oihartzun txarra izatea praka luzeak aspaldi samar jantzi genituenon kaskezurretan.
Baina berbak ere zentzu berriak hartzen dituzte, eta hara non biak hitz kutunak bihurtu zaizkigun politikagintzan. Erderazko «lucha» edo «lutte» euskaratzeko ez zen hoberik aurkitu, nonbait, eta inposaketari bortxarik gabe baina tinko erantzuteari «desobedientzia» jarri zioten izena noizbait.
«BORROKA da bidea» irakurtzen dugu hormetan, eta ados nagoela aitortu behar, nahiz eta susmoa dudan hori idatzi duenak borroka armatua (BA) eta kale borroka (KB) oso goian dituela borrokabideen zerrendan. Eta BA eta KB ez dela bidea pentsatzen duen honek, San Silbestre eguna kontugintzarako aprobetxatuz, borrokabide horietan egindako inbertsio-gastuak eta jasotako irabaziak gustura neurtuko lituzke. Balantzaren alde batean gastuak: eragindako eta jasandako oinazeak, hildakoak, zaurituak, torturatuak, kartzelatuak, atzerriratuak, bizkarzainekin dabiltzanak, diru-kostuak... Eta bestean irabaziak, irabazi politikoak, alegia: ... Nire zerrendaren alde hau ez hutsik, baizik eta zenbaki gorrietan ageri dela aitortu behar. Eta egunkarietan irakurtzen dugunean KBtik datozen berrehun gazte erakunde armatuan ate joka ari direla, hotzikarak zeharkatzen digu gorputza.
Oraingo egoera, gogorra oso, baina Lizarra-Garazi denborakoa baino hobea -edo itxaropengarriagoa, bederen- dela entzuten dudanean, neure buru-osasunaz zalantzak sortzen zaizkit. Guztiz kaskalduta ote nago, errealitatea hain desberdin ikusteko? Non geunden eta non gaude? Dena amesgaizto bat izan ote da?
Halakoetan, «Desobedientzia da bidea» hormetan idazten hasteko tentazioa etortzen zaio bati, baina hobeto pentsatuta, «bide bat» jartzea zuzenagoa litzateke, kontaezinak baitira jaunaren bideak. Garbi dago botereari hortzak erakutsi behar zaizkiola, borroka instituzionala, sindikala eta abar ez direla aski egoerari buelta emateko. Baina ez dugu ezer egiten berez bide edo tresna den gauza bat sakralizatu eta helburu bihurtuz. Jakin behar da aizkora lurpean gordetzen, batez ere harri gainean luzaro erabiltzeagatik akatsez betea dagoenean.
Desobedientzia zibilak (DZ), oso gaztea izan arren, erakutsi du bere indarra eta jendearen sinpatia erakartzeko gaitasuna. Oraingoz, ekintzetara bideratutako talde txikiek eraman dute aurrera, Demo, Zuzen, Desobedientzialariak, eta abar. Orain arte, euskara, presoak eta naziotasuna bezalako gaiak jorratu dituzte gehienbat, arrakasta mediatiko handiarekin. Desobedientzia ez da noski talde berezituen lana bakarrik. Instituzioetatik hasi eta herritar soileraino bada esparrurik horretarako. Jaurlaritzak aukera ederrak galdu ditu duela gutxi; herritarrok badugu aspalditxotik aukera bat: nortasun agiri espainiarrak eta frantsesak entregatzea.
BAINA begibistakoa da ia ezinezkoa dela DZak indar handia hartzea, KBk eta BAk jarraitzen duten bitartean, filosofia oso desberdinek elikatzen dituztelako, eta talka ere egiten dutelako sarri, ez teorian, baina bai praktikan.
Tinkotasunaz gain, ironia, ezustea, umorea, irizkidea ez denari ere irribarrea sortzeko gaitasuna, dira desobedentziaren arma nagusiak; eta inoren eskubiderik -larriki behintzat- zauritzen ez denez, botereari ere oso zail egiten zaio ohiko bortizkeriaz aurka jotzea.
Zer gertatuko litzateke KB eta BAra zuzentzen diren energiak irudimenez eta jakinduriaz hornitutako DZera bideratuko balira?