argia.eus
INPRIMATU
PITORRUS REX
Jose Ignazio Ansorena 2003ko urtarrilaren 12a
Hiru Errege datoz
Kale Nagusitik,
tripak ardoz beteta,
ezin egon txutik.
Gasparrek heltzen dio
Meltxorri besotik,
ez muturrez aurrera
eroritzeatik.

Gure osaba Jose Luis zenak urtero kantatzen zuen bertso hau Gabon eta Urte berri inguruko ospakizunetan. Bilintxek sortua dela entzun dugu beti familian eta gustatzen zait horrela sinestea. Erregeen lepo barre egitea maite dudalako. Eta Bilintx ere bai.

Inozokeria nagusi den garaietan bizi gara. Eta inozokeriak badu bere alderdi maltzurra. Azalakeriak ontzat emanda, ate azpiko zirrikitutik pasatzen uzten ditu bidegabekeriak eta joku zikinak, ezikusiarena ondo baino hobeto egiten.


Monarkiaren kontuan beste ezertan baino hobeto nabaritzen da inozokeriaren patologia gaizto hori. Erregeak eta familiarteko guztiak azkarrak, ederrak, eskuzabalak, langileak eta abar amaitezinak omen dira. Dena zoragarri eta miragarria. Itxuraz. Eta izan litezkeen «desbideraketak» ez dira aipatzen. Horixe da monarkiaren alderdirik desegokiena eta kaltegarriena gizartearentzat.

Noski, badakigu gizarteak, edozein lekutan edo garaitan, edozein antolakuntza sisteman, agintariak izango dituela. Behar ote dituen ez dakigu horren ziur inoiz ez delako frogatzeko aukerarik izaten. Eta agintariak, aingeruak ez izateaz gainera, deabru zikinak baino nazkagarriagoak diren koipemaile eta losintxagilez inguratuta egoten direla. Horretarako kobratzen dute eta profesionalak izaten dira lanean.
Baina monarkia justifikatu beharrak erakartzen dituen ondorioak beste gizarte antolakuntza sistemak dituztenak baino askoz okerragoak dira. Nagusiena familia genetikoaren eta ultratradizionalaren aldarrikapen itxurazkoa. Praktikan errege-erreginak, printze-printzesak eta infanteak, handimandi guztien antzera, hor ibiltzen dira munduko plazerrak dastatzen eta bestentzat ahalik eta gutxiena uzten. Kontu jakina da -oso ulertzekoa- erregeak normalean erreginekin, eta alderantziz, ez oheratzea. Ezaguna da printze eta printzesen artean homosexual asko dagoela, gizartean bezalaxe. Baina ukatu egin behar da. Bestela monarkiarenak egin du eta. Alegia hipokresia oinarrian.
Monarkiazaleek, aitzitik, aipatzen dute nolako trabantza ematen dion gizarteari sistema txatxu honek, gizarte bizitza antolatzeko arrazionaltasuna ez dela nahikoa, irrazionaltasunari ere berea utzi behar zaiola... Eta Errauskiñeren ipuina.
Irrazionaltasunari egin diezaiogun tarte, ni ere konforme bainago horrekin. Bi eta bi lau matematiketan beste inon ez dira eta. Monarkia dotorea dela? Ponposidadea gustatzen zaigula eta txiste onak sortzeko bidea ematen duela? Aukera dezagun aktore bat -edo bi edo hiru- bost urtean behin Errege eta «enparauak» (batere gustatzen ez zaidan hitz hau kasu honetan ederki datorkit) papera egiteko. Daudenek baino hobeto eta merkeago egingo lukete. Eta aldaerak izateko bidea legoke: batean familia poligamikoa, bestean homosexuala, bestean bakarrekoa... Askok, behinik behin, zerbait ikasiko lukete agertuko liratekeen aldizkari arrosetan. Eta, era soilean, antigoaleko irudi idiliko faltsuen ordez, familia eredu erreal eta bariatuen onarpena zabaltzen lagunduko luke.
Urte amaierako Erregeren mezuaren inguruan esamesak izan dira berriro ere. Euskal Telebistak ez du jarri. Gaitzerdi. Eta Espainiako berritsu guztiak aztoratuta: ez omen da jarrera demokratikoa. Euskal Telebistak maiz ez du asmatzen. Honetan, ordea, bete-betean. Zer dela eta jarri behar da kate guztietan espainolez ondo ahoskatzen ez dakien Erregeren mezu errepikakorra? Interes informatiborik ba al du? Gora Euskadi Askatuta esango balu agian. Baina ez du esango. Borboia da. Eta euskaldunoi ez digute mesede handirik egin inoiz. Laster zine aretoetan «No-do» jartzen hasiko zaizkigu. Monarkiak behar du eta.
Gure familian -eredu tradizionalekoa noski- bi izeba moja ditugu. Txantxetan esaten ohi dugu bat moja sartu zela eta bestea Superiora. Monarkiaren kontuan antzera. Ni monarkiazalea izateko modu bakarra horixe izan litekeela uste dut: ni Errege. Pitorrus* Rex. Ondo pentsatuta ez da horren gaizki geratzen

* Kuadrilan ez didate errespeturik. Piter izengoitiarekin hasi ziren hogeita hamapiku urte direla. Baina berehala abiatu ziren aldaerak: Piter, Pitorro, Pottorro, Potor Atomikoa eta aipatzea zilegi ez zaidan beste batzuk. Errege izatera iristen naizenean ikusiko dute.