argia.eus
INPRIMATU
ZORI ONAK
Daniel Udalaitz 2003ko urtarrilaren 05
Urte berri ororekin batera, guztiok elkarri diosal egin eta zori ona opa diogu. Oraingoan ere, jada 2003an, hemendik eta tribuna sozioekonomiko honetatik ere Euskal Herri osoari zori ona opa diogula adierazi nahi dugu. Justizian, askatasunean, aberastasunaren banaketa justuan eta lurralde historiko guztiekiko (kaltetuenekiko batez ere ) elkartasunean oinarritutako benetako bakea desio dugu. Gizarteak baztertzen dituenekin eta baita etorkinekin ere solidario den bakea. Lan harremanen euskal esparrua eta euskal eremu ekonomikoa errespetatzen dituen bakea desio dugu eta horretarako autodeterminazioa gauzatzeko herri honi zor zaion errespetua ezinbestekoa da. Langileen eskubideen errespetuan oinarritutako bakea ere nahi dugu, egungo prekarietate izugarriaren aurrean kontratu duin eta egonkorrak egitea, esaterako. Guztien aldetik segurtasun neurriak betetzea bermatuko duen bakea nahi dugu (enpresak, sindikatuak, langileak, administrazioa, justizia), hainbeste langileren heriotz eta gaixotasunak saihestuko dituena. Hala izan bedi