Pio Baroja handiaren ehungarren urteurrena ospatu berri zuten hartan -abenduaren 28an sortua zen gizona-, ZERUKO ARGIAk egun onak ematen zizkion urte berriari Xabier Letek Julio Caro Barojari egindako elkarrizketa mamitsu bat bere lehen orrialdera ekarriz. Baina 1973an ere zaharrak berri, antza denez, eta irakaskuntza hizpide zuen «Or zegok koska» editorialaren alboan, «Larresoro»k izenpetutako «Ikastoletako ultrak» lana argitaratzen zuen, agur esandako urtean hainbeste buruhauste eta korapilo sortu zituen gaia berriro astinduz.
IKASTOLA KINKA LARRIAN
«Larresoro», euskal munduko edonork ondotxo zekien bezala, «Txillardegi»k bere ezkutalekutik bidalitako lanetan erabiltzen zuen ezizena zen. Eta haraino iritsiak ziren hainbat ikastoletan sortutako iskanbilak, dirudienez, zeren honela zioen bere hartan: « ‘Ikastola-giroa lardaskatzen ari da’... ‘Horrela segitzekotan bi urte barru ez da ikastola arrastorik geldituko’... ‘Ikastolarenak egin dik’ (...) Horra hor gero eta maizago entzuten ditugunak».
Eta horrek guztiak, nonbait, ondorio ilun samar bat ateratzera eraman zuen gizona, «Ikastola kinka gaiztoan sartu da» aldarrikatzen baitzuen jarraian. Baina behin hartan jarrita, bazeukan zer galdeturik: «Saltsa honetan zer kaltetzen da? Zeri laguntzen? Nor ari da izkutuan farrez? Nor malkorik gabeko negarretan? Zozoak ez bagina, galdera hauexen bidez igarriko genuke berehala nor zer den, istiluaren kakoa zertan datzan, eta hari gordeen mugitzaileak nortzuk diren. Ez bide dugu egingo, ordea, zozoak garela behin eta berriz eta mila bider frogatua baitugu; eta ikastolaren arazo argitsu honetan, berriz ere, gure arteko kirtenek eta haien arteko azariek, eskuz esku, ikastolaren aurka hartuko dute».
ERRUDUNAK SEINALATUZ
Badaezpada, zozokeriaren aurkako sendabidea ematen saiatzen zen «Larresoro» segidan, hau da, ikastolaren auzian bere ustez errudun zirenak eta zituzten akatsak seinalatzen.
«Mutur bateko eta besteko ‘ultrek’ (hemen, ezinbestean, horrela bataiatuko ditut beste izen aproposagorik merezi dutenak) ikastolak nola sortu ziren eta nola eusten diren ahaztu bide dute».
Oroimen galdu hori berpizteko, Hegoaldean zein Iparraldean ikastolak zuen egoera azaltzea baino gauza hobeagorik ez zegoen: «Andereñoak lortzea eta heztea txit da zaila: gero eta euskaldun gutxiago dago, hizkuntzari dagokionez, jatorrizko euskaldunen artean; geroko kezka beti ageri zaie andereñoei zama gisa, edozein larriunetan gerta baititezke ebakirik eta debekaturik hemengo eta hango ikastolak. Goitikako laguntzarik ezaz, liburu eta tresneria egokirik gabe eraman behar dira askotan, eta lekua bera aurkitzeko lanak izaten dira maiz. Hizkuntza baturik ez dago oraindik, zeharo osaturik eta euskaldunek ezaguturik batez ere, nahiz batasuna ederki abiatua izan: eta andereñoek (eta idazleok) makina bat oztopo topatzen dute euskaraz nola hitzegin zehatz ezin jakinik. Haurrak, bestalde, erdaraz ari dira etxerik gehienetan, eta erdal giroa etengabe edaten dute, andereñoen zuzendu-beharra nekagarriago eginez».
Ez zen hartan amaitzen ikastolen sufrikarioa, ordea. «Beti ere laguntza ofizialaren faltaz, ikastolak behar duen dirua ahal bezala eta arrunt nekez bilatu behar da, euskal probintzietatik zerga gisa aski sosik irtengo ez balitz bezala. Giro horretan, eta ez Arkadian, oratu da ikastola».
«ULTREN» AMNESIA
Baina ikastolaren ahulezia guztia ahaztu bide zitzaien «Larresorok» «ultrak» deitzen zituen haiei, eta 1973an inolaz ere eman ez zitzakeenak eskatzen zizkioten.
«Batzuek Pekin-goak baino marxista-leninistago nahi lituzkete; besteek Vatikano-koak baino aisa elizkoiago; Urliak naturismo hutsetik abiaturik; Berendiak klarisak baino hertsiago eta lotsorrago; hauek Althusser, Mao, Freire eta Bernardette Devlin-en araberakoak, haiek Ottaviani, Strossner eta Makarezos-en plegukoak».
«Larresoro»ren uste osoan, ordea, «gaur batez ere, ideologi-arazo horiek pratikan eta burrukan jartzeko lekua ez da euskal ikastola, erdal eskola baino; ez da gurasoen biltzarra, Madrilleko ministroena baizik. Pedagogia eta iraultza lotuta datozela errepikatu ohi zaigu, eta egia da; baina iraultza ez da Budapest eta Praga-tik pasatzen, eta iraultza eta probokazioa lotuta egon daitezke (eta egonak dira!)».
Baina ikastola zer den eta zertan dagoen ahaztutzea «txotxolokeria galantza litzateke, eta askoz larriago den zerbait», zioen «Larresoro»k. «Ikastoletan mendeetan barrena lehen aldiz eskolatzen dira haurrak gure hizkuntzaz. Hau xehetasun ttipitzat daukanak, xehetasun ttipitzat dauka inperialismoa; eta ‘USA go home’ oihu egiten duenean ere, inperialista gogorra dela badakigu»