argia.eus
INPRIMATU
Aurtengo koloreak: horia eta grisa
2003ko urtarrilaren 05
Edozein kirolek bezala, eskiak ere badu bere janzkera propioa. Horri buruz gehiago jakitearren Tolosako Aralar Kirolak dendara jo dugu. 23 urte daramatzate eskiaren eta mendiaren inguruko materiala saltzen eta iraupen eskian dira besteak beste adituak. Aurtengo koloreei begira, horia eta grisa datozela jakinarazi digute. Bi kolore hauek izango dute indarra aurtengo denboraldian, bai eski eta bai arropa koloreei dagokienez. Aitzitik, gorria eta urdina izan dira aitzindari. Lehen marrazki gabeko eski eta materialak erabiltzen ziren eta kolore ilunagoak erabiltzen ziren. Orain ostera, kolore argiak erabiltzen dira eta material apainduak.

Eskiatzeko beharrezko materialak botak, makilak, eskiak eta finkapena direla kontuan hartuta, 100 eurotik 400 euro bitartean lortu daiteke ekipamendu osoa. Jantziei dagokienez, goitik beherako jantziek 110-148 euroko prezioa dute. Jantzi hauek lehiaketarako erabiltzen diren arren, jende arruntak ere erabili ohi ditu. Halaber, badira kirol honetarako beste zenbait arropa, galtzak (60 euro inguru), elastikoak (36 euro inguru), zamarrak (90 euro inguru), galtzerdiak (12 euro inguru), eskularruak (30 euro inguru). Dena den, eski motaren arabera janzkera eta materiala aldatzen dira eta ez dute inongo parekotasunik euren artean, ez prezioari dagokionean eta ezta estilo eta modari dagokionean ere.
Kontsumismoa gehituz joan den arren, orain beharrezkoa baino ez dela erosten baieztatu digute Aralar Kirolak dendan. Osagarriek ere indarra hartu dute eskiaren munduan. Hots, eskiatzeko beharrezko diren materialez gain, modak baldintzaturiko osagarri anitz saltzen dela jakin dugu, esaterako, elurretan ibiltzeko elur erraketak, gerriko poltsa, motxilak...
Eski denboraldia amaitzen denean ere, bada eskia praktikatzen duen jendea. Roll ski-aren bidez, hau da, gurpildun eskien bitartez, lur zoruan eskiatu daiteke eta negua iritsi bitartean entrenatzen segitzeko aukera eskaintzen du. Beraz, eskiatzeko zaletasuna duenak ez du aitzakiarik urte guztian zehar ez praktikatzeko. Eski hauen prezioa 178 eurokoa da gutxi gora behera