argia.eus
INPRIMATU
UDAZKEN SUTSUA
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a
Lizarrako abere feriaren bueltan, Urbasa-Andimendi mendilerroaren hegoalde lasaian, udazken buruaren suzko koloreak piztua nau. Aurretik axaleko lehen orrialdea bete nahian ikusiak ditugun pago, likidanbar, astigar atzerritar eta beste uraparzale kaskarinen gorriak baino udazkenaren gailurra ekarria duten haritz, astigar arrunt, hurritz eta zumarren horizta arrearen bueltako inpresionismoa alde ederrekoa da.

Seko txunditutakoaren babo muturra azaleratuko zidaten ikuskizunak gero zetozen. Beheraxeago Irantzu ibaiaren erribera gozoetan han-hemenkako zainzuri soroak, txukun-txukun destolestatu eta hedatutako oihal hori saretu erraldoi gisa. Barrenago, Urederra ibaiaren gaineko Lizarra zaharreko kaskoko enparantzan abere desdetxa; Ekain kobazuloko duela hamabost bat mila urteko behorren arre festa ondo bizirik dirauela agerikoa zen mendi behor sendoen zerra bustietan. Kolore hauek guztiak indarrean gozatzeko euria bezalakorik ez da, hemen bezalaxe nonahi. Udazken zoragarria ez badoa bada…