Ez ditut barne-ministroak oso gogoko -aukeran nahiago kultura eta hezkuntzakoak- eta kezkagarria iruditzen zait barne-ministroak izatea inguruko herrietan agintari estimatuenak. Arazo bat horien esku uztean, lehenengo Beldur mamua astintzen dute herritarren artean, horretarako gogotsu dauden komunikabideen eskutik. Eta gero makila eskaintzen dute konponbidetzat, herritar izutuak pozik txalotzen duena. Baina arazoak benetan konpondu, gutxi!
Aingeruegi ere ez dago izaterik, ordea, eta badakit nolabaiteko polizia beharrezkoa dela, eta poliziak ezin duela beti ongile atseginaren aurpegia izan. Baina komeni zaigun azken gauza espainiar poliziaren oroitzapenik txarrenak berpiztuko dizkigun euskal polizia da. Horregatik oso kezkagarriak dira Ertzaintzaren aurkako tortura- eta indarkeria-salaketak. Eta kontua ez da nori sinetsi behar diogun, salatzaileei ala salaketak ukatzen dituztenei. Kontua da Barne Sailak berak, Ertzaintzako sindikatuek eta alderdi abertzaleek izan beharko luketela interesatuenak tratu txarren susmorik txikiena ezabatzeko. Beraiek izan beharko lukete lehenak Terrorismoaren Aurkako Legeari uko egiten, polizia-etxeetan zokorik ilunenak argitzen, beharrezko bideo-kamera guztiak jartzen, galdeketak abokatuen aurrean egiten eta atxilotuak lehenbailehen epaileen esku uzten. Artean ere, baliabide ugari geratzen zaio poliziari bere lana eraginkortasunez egiteko.
Herri honetan Ertzaintza polizia desberdina dela entzun nahi genuke askok: besteak ez bezalakoa dela atxilotuekiko tratuan, indarra erabiltzen, eskubideak babesten, etab.
Bestalde, legearekiko atxikimendu irmoa aldarrikatzen digute maiz. Eta neurri batean ulergarria da hori, are gehiago herri-agintarien ahotan, bestela ezingo ginateke-eta gizakiok elkarrekin bizi. Baina legeak ez dira absolutuak, ez dira beti zuzenak, batzuetan obligazio morala dago legeak ez betetzeko, ondorio guztiekin. Armadaren legearen aurrean kontzientzia eragozleek eta intsumisoek ez balute noizbait planto egin izan, oraindik soldaduzkaren zentzugabekeriak irentsiko zituen gazteak.
Arazo politikoen aurrean (berdin da ezker iraultzailearen edo eskuin muturraren espresio diren), zabar eta antzua da alderdi politikoak legez kanpo uztea, komunikabideak ixtea, manifestazioak debekatzea... Inteligenteagoa da kexu direnei adierazpideak ematea, arazoen presioari irtenbideak eskaintzea, zubirik ez erretzea, negoziatzea...
Beraz, honetan ere Eusko Jaurlaritza desberdina dela entzun nahi genuke askok: legearekiko morrontza itsuaren ordez, legearen errespetu kritikoa bultzatzen duela; euskal gehiengoaren borondatea Espainiako parlamentuak ukatzen badu, desobedientzia zibila eta erresistentzia baketsua geratzen zaizkigula. Inteligentea litzateke askoz gehiago bultzatzea ekintza-bideok, traumatikoago eta suntsigarriagoak diren beste jokabide batzuetarako tentazioa saihesteko. Inteligentea, adibidez, "demoak" gazteen (eta zaharren) eredu bihurtzea.
Estatuko legeari itsuki men eginez, nekez askatuko dugu oraingo korapiloa. Badakigu egungo egoerara nondik iritsi ginen, badakigu trantsizio-garaian nolako arriskuak zeuden, eta hausturarik gabeko trantsizio gainbegiratuek zelako mugak dituzten. Baina aurrera egiteko, ezker abertzaleak (ETAk barne) errealismo-ariketa dezentea egin behar baldin badu -eta onartzen dut hori-, bere garaian Autonomia Estatutuaren aldeko apustua egin zutenek lokarri zaharrak hausteko ere erabaki sendoa erakutsi beharko dute. EAk badirudi garbiago duela hori