argia.eus
INPRIMATU
ANTOLAMENDU SOLIDARIOAGO BATEN ATARIAN
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 19a

Sindikalismoa, oro har, ez dabil oso indartsu, baina, halaz ere, azken aldi honetan badira sindikalismo solidarioago, internazionalistago, burokratizazio gutxiagoko eta errealitate sozialari lotuago baten aldeko mugimenduak. Antolamendu berriak mundu humanoago, solidarioago eta berdinago bat erdiestea du jomuga, edota, bestela esanda, kapital transnazionalak eta globalizazio kapitalista sortzen ari direnaren kontrako mundua eraikitzea. Horrelako mugimenduen adibide da, ezbairik gabe, LAB sindikatu abertzalearen ekimenez urriaren 17 eta 18an Donostian egin zen Konferentzia Sindikal Internazionala. Ezker abertzalearen inguruko sektoreak alde batera utzita, gainerakoek aski arreta gutxi jarri zioten konferentzia horri. Alabaina, Afrikako, Amerikako eta Europako 30 bat sindikatuk hartu zuten parte jardunaldi horietan, eta hainbat ondoriotan etorri ziren bat, zein, berez, oinarri izan baitaitezke ekintza sindikal bateratua eta solidaritate internazionalean maila handiagoa lortzeko.

Konferentziara bildu ziren sindikatuek egun horietan bertan eman zuten datorren urtean partaide gehiagoko beste konferentzia internazional bat antolatzeko hitza. Hurrengo bilkuran, emakumearen lan munduko egoeraren diagnosia egin eta ekintza lerroak erabaki nahi dituzte. Arlo horretan, erakunde sindikalen barruko dinamika sortu nahi dute batetik; bestetik, ordea, mugimendu sindikal nazioartekoan txertatu nahi dute ekinbide hori, generoan oinarritzen diren praktika prekario baztertzaileei aurre egiteko harreman laboralak garatuz joan daitezen.
Aipatu konferentziara, herrialde hauetako sindikatuak bildu ziren: Uruguay, Sahara, Angola, Ekuador, Bolivia, Holanda, Korsika, Guyana, Guadalupe, Frantzia, Martinika, Errusia, Italia, Kolonbia, Dominikar Errepublika, Sardinia, Galizia, Katalunia, Aragoi, Asturias eta Euskal Herria. Bestalde, hizlari edo behatzaile izan ziren Heinz Dieterich Mexikoko Unibertsitateko irakaslea, Koldo Gorostiaga EHUko irakaslea eta eurodiputatua, Marcela Bordenave Argentinako diputatu nazionala eta Dirk Goemaere Belgikako PTBko kidea.

GLOBALIZAZIO ULTRALIBERALAREN EFEKTUAK.

Donostiako konferentzia sindikal internazionalean parte hartu zuten sindikalistek munduko gaur egungo errealitatea aztertu zuten lehenik eta behin. «Azken Ebazpena» izeneko dokumentuan jaso zituzten ondorioak, eta testu horretako alderdi interesgarrienez arituko gara ondoko lerroetan. Esate baterako, globalizazio neoliberalaren eredua, eredu horrek herriengan nahiz langileengan duen eragina eta estrategia ultraliberal berberean funtsatzen den Europa eraikitzeko prozesua aztertu zituzten. Mahai-inguruetan eta debateetan, sindikalistek garbi adierazi eta frogatu zuten "interes inperialistek" ibilarazten dutela globalizazio ultraliberalaren eredua, zein korporazio transnazionalek sortua baita, Amerikako Estatu Batuak, Europa eta Japonia bezalako indar politiko eta militar handien laguntzaz eta babesez.
Dokumentuan jasotakoaren arabera, "inposiziozko estrategiaren sorburu" dira planetako baliabideen kontrola, inguru naturala sistematikoki hondatzea, giza eskubideen urratzea, generozko zapalkuntza eta mundu guztian laneko indarra sobera esplotatzea, eta estrategia horren episodio esanguratsuenak, berriz, honako hauexek: agresio gerrak, giza beharren merkantilizazioa, generozko biolentzia, ikerketa biologikoa interes pribatuek eskuratzea, genetikoki manipulatutako elikagaien produkzioa eta teknologia, komunikabideak, finantzetako fluxuak eta armak erregimen monopolizatuan gestionatzeko bidea gauzatzen duten proiektu liberalizatzaileak.
Ebazpenean datorrenez, baliabide naturalen, prestazio sozialen, zerbitzu publikoen, herrien burujabetasunaren eta langileen bizimoduaren eta lanaren kontrako eraso etengabe horixe ari da planeta gero eta ezegonkorrago bihurtzen, zeren herrialdeak eta kontinenteak pobretzen ari baitira, eta gosea, epidemiak eta mugimendu migratzaileak sortzen. Eta horrek guztiak, azken batean, milaka pertsonen bizia arriskuan jartzeaz gainera, iraunik gabeko ereduak oinarritzen ditu, zeinetan, Europaren eta Japoniaren laguntzarekin, Estatu Batuen erabakiak baitira lege bakar, BM, NDF eta MME bezalako tresnak edo ALCAren gisako estrategia anexionistak eta Estatu Batuek kontrolatutako aliantza militar zigorgabeak tarteko.
Azterketa horretan, sindikalistek Europari ere eman zioten berea. Diotenez, nazioartean ezarri den errealitatearen segida da Europa eraikitzeko egungo eredua, eta ondoko egitate hauek ispilatzen omen dute enpresa transnazionalen intereseko modelo hori: eskubide sozialen murrizteak, zerbitzu sozialen pribatizazioak, inmigranteenganako praktika xenofoboak eta defizit demokratiko izugarriak. Alde horretatik, Espainiako Estatuko egoera nabarmendu zuten. Beren iritziz, "gobernuaren ohiko ekintza" bihurtzen ari dira estatuaren ikuspegi zentralista eta egungo "status quo"a onartzen ez dituztenei libreki elkartzeko eta adierazteko eskubide demokratikoak ukatzea.

BESTE MUNDU BAT POSIBLE EGIATEAREN ALDEKO BORROKA.

Donostian bildu ziren sindikalistek, bestalde, egiaztatu zuten ezen hiritarrek gero eta inplikazio eta parte hartze demokratiko handiagoa dutela politikaren, ekonomiaren eta kulturaren esparruetan. Beren ustez, demokrazia parte-hartzailearen bidezko beste zibilizazio baten ispilu da esku hartze hori, hots, hainbatetan beren burua arriskuan jarriz, beste mundu bat posible izan dadin adoretsu borrokatzen diren milioika langileren ekarria. Beste mundu posible horren nolakotasuna, berriz, honelatsu deskribatzen dute: giza eskubideetan eta herrien burujabetasunean oinarritutako mundua izan behar du, harreman internazional solidarioa erdiestera joko duena, biodibertsitatea errespetatuko duena, irauneko modeloa sortuko duena, aberastasuna banatuko duena eta langileak "esplotatzeari eta gizartetik baztertzeari" utziko diona.
Gaurko errealitatea kontuan izanik, sindikatuen arteko konferentzian parte hartu duten erakunde sindikalek batera aritzeko hainbat ekintza lerro hitzartu dituzte, egiaztatu nahi dutelarik beste mundu bat posible dela, baldin erakunde sindikalek, globalizazio neoliberalaren kontrako mugimenduek, emakumeen erakundeek eta herri autoktonoen aldeko taldeek elkarrekin jarduten badute

Beste mundu bat posible egiteko neurriak
Sindikatuen arteko konferentzia horretan beste mundu bat posible egiteko proposaturiko neurrietan, honako hauexek azpimarratuko ditugu: erakunde sindikalak konferentzia internazionalak antolatzera bultzatzea, oraingo globalizazio neoliberalaren modeloari aurre egiteko estrategiak langileen ikuspegitik aztertu ahal izateko; arazo espezifikoak tratatzeko bilkura monografikoak eratzea, konferentziara bildutako erakunde sindikalen proposamenez; eta intereseko jotzen dituzten nazioarteko jarduera edo gertaeren gaineko iritzi publiko bateratua ematea.

Era berean, hala debate soziala indartzeko, nola beste ekintza sindikal batzuk sustatzeko, errealitate sindikal propio bakoitzetik lan egitea ere erabaki zuten bildutakoek. Izan ere, beharrezko ikusten dute harreman internazionalen beste esparru bat eratzea, baldin harreman internazionalak, herrien errealitatea aitortzetik eta haiek burujabeki erabakitzeko eskubidea ezagutzetik abiatuta, solidaritatean, kooperazioan eta bakean funtsatutakoak izango badira. Horrez gainera, Nazio Batuak transformatzeko eskabidea ere egin zuten sindikatuek: osaera eta erabaki demokratikoagoak eskatzen dizkiote erakundeari, eta funtzio erabakigarriagoa nazioarteko beste legezkotasun baten ezarpenean, zeinek giza eskubideen zein planetako herrien eskubideen defentsan oinarritua izan behar baitu eta ezinbestez bete beharrekoa. Bestalde, NDF eta BM erakundeek ezarritako politika ekonomikoari aurre egiteko beharra seinalatu zuten, beren iritziz, nazioarteko kapital finantzarioaren interesen araberakoa bakarrik baita. Azkenik, politika neoliberalek txirotutako herrialdeen kanpo zorra barkatzea eskatzen dute.
Halaber, herriak ekonomikoki eta sozialki garatzeko inbertsio politiken eskabidea egiten dute, bakerako estrategia onena horixe delakoan. Inbertsioek, bestalde, garapen endogenoa eta iraunekoa, biodibertsitatea, elikagaietan nahikotasun propioa eta planetako errekurtso naturalen babestea eta defendatzea sustatu behar dute. Bete-betean baztertzen dituzte, berebat, zerbitzu sozialak merkantilizatzea jomuga duten politikak, errekurtso naturalak eskuratzeko eta gestionatzeko enpresa transnazionalen interesen inposizioa eta MMEren akordioen bidezko herrien dibertsitate linguistiko eta kulturalaren kontrako uniformizazio baztertzailea, baita nazioartean laneko indarra esplotatzeko politikak ere. Arlo horretan, ekintza sindikal lokal eta internazional koordinatuak planteatzen dituzte, horrelako esplotaziorik gerta ez dadin.
Gizonek eta emakumeek benetan aukera berdinak izateko politikak eskatzen dituzte. Berdintasunak gizarteko edozein esparrutan izan behar du erreala, baina, are zehazkiago lanaren munduan, bestela ezin baita betirako baztertu emakume langileek nozitzen duten indarkeria eta mendekotasuna determinatzen dituen genero diferentzia. Sindikatuen iritziz, mugimendu sindikal guztiak hartu behar du parte Europako Batasunaren eraketan, baina berariaz edo propioki Europako estaturik gabeko herrietako sindikatuek. Ildo horretan, Europa eraikitzeko oraingo modeloa aldatzeko konpromisoa hartu dute, beren ustez, kapitalaren Europan oinarritua baita, eta kontinenteko herri guztiak integratuko dituen modeloa bultzatu nahi dute, solidaritatean eta justizia sozialean oin harturik. Azken batean, ondoko modelo honen aldeko apustua egiten dute Europaren eraikuntzan: giza eskubideen garapenaren defentsan funtsatua izan behar du, eta bere egin behar ditu herrien autodeterminatzeko eskubidea nahiz burujabetasun nazionala