argia.eus
INPRIMATU
Termometroa
2002ko abenduaren 08a

ETA EPAILEEK DEBEKUA BERRETSI IZAN BALUTE?

DONOSTIAN azaroaren 30ean manifestazioa egiteko ezker abertzale inguruko pertsona ugarik egindako deialdia debekatu zuen Herrizaingo Sailak, eta EAEko Auzitegi Gorenak baimendu gero. Herrizaingo Sailak denboraz debekatu izana, epaileei baimentzeko denbora emateko estrategia gisa ere interpretatu dute batzuek eta, beraz, Javier Balza pozarren dagoela epaileen ebazpenarekin. Beste batzuek, aldiz, hori horrela izatekotan Balzak edo Herrizaingo Saileko norbaitek, ebazpen judizialaren aurretik euren asmoaren pistaren bat-edo emango zutela pentsatzen dute. Edozein eratan, zer gerta zitekeen -gerta liteke hurrengo kapitulu batzuetan- EAEko Auzitegi Gorenak Herrizaingo Sailaren debekua baietsi izan balu?


PRESTIGE-REN BITXIKERIAK

GALIZIAKO kostaldean -oraingoz han- bizi den hondamendia eta honen aurrean Espainiako Gobernuak agertu duen axolagabekeria ez dira txantxetan aritzekoak. Horrenbeste kritika eta azterketa artean, dena den, bitxikeria esanguratsuak ere ageri dira. Esate baterako, Espainiako Gobernuko Ingurugiro Ministerioaren web orrialdeetan ez da hondamendiaren aipamenik ere egon, gutxienez azaroaren 27ra arte, ustezko istripua azaroaren 13an gertatu zenean. Berdin Itsas Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiaren web orrian, Prestigek eragindako hondamendiaren arrastorik ez.


ISABEL SAN SEBASTIAN ETA CAYETANO GONZALEZ

ISABEL San Sebastian Antena 3ko ‘El primer café’ saioko zuzendaria kaleratu berri du telebista kate espainiarrak. Harekin batera kanporatua izan da Cayetano Gonzalez telebista kateko harreman instituzionaletarako zuzendaria. Aurretik, Euskal Herrian ezagun egin zen Jaime Mayor Oreja barne ministroaren komunikazio arduraduna izan zelako. Antza denez, leherkaria Pedro J. Ramirez ‘El Mundo’ko zuzendaria izan da, San Sebastianek bere saioko tertulian parte hartzea defendatzen zuelako eta Telefonicako -Antena 3ko jabea- lehendakari Cesar Aliertak nahi ez zuelako. «Aurrerantzean saioa aurkezten duena lankide errepresaliatu baten gorpuaren gainean arituko da» esan du San Sebastianek. Bada, ordezkapenerako izenen artean lehena Carmen Gurruchaga da, San Sebastianekin batera ‘El Arbol y las nueces’ liburu ezagunaren egilea.


SOMPORTEKO TUNELA IREKIKO DA URTARRILEAN

CANDANCHUKO eski estaziora joan denak, urtea joan eta urte etorri han ikusi izan ditu behin eta berriro Somporteko tunelaren eraikuntza lanak. Berdin Frantzia aldetik Aspe bailaratik gora jo duenak. Hainbeste urte ondoren, azkenean urtarrilaren 17an irekiko da. Espainiako agintariak, hala ere, kexu dira: Espainia aldetik autobia bat egingo da, eta Aspe bailara ederrean, aldiz, Frantziak ez du autobiarik egiteko asmorik.


SEBASTIAN ARTZAPEZPIKUA, BOTOA ETA MORAL KRISTAUA

ESPAINIAKO Apezpikuen Batzarrak nazionalismoei buruz bere azken agirian esandakoak alferrikakoak ez direla hasten da frogatzen apurka. Euskal Herriko hiru gotzainek aurkako botoa eman zuten. Iruñeko artzapezpiku Fernando Sebastianek zer egin zuen ez dakigu, baina bere aburuz, botoa ematerakoan kristauak kontuan hartu behar du gotzainek esandakoa, eta bere ustez, euskal independentismoari botoa ematea gotzainek azpimarratutako moralaren aurkakoa da.


MAKILKADA JUDIZIALAK

2001eko otsailean Nafarroako Gobernuak hizkuntzak lanpostuetan baloratzeko dekretua (euskararen balorazioa, alemana, frantsesa eta ingelesaren azpitik geratzen zen) atzera bota zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak joan den astean. Halaber, beste ebazpen batean, auzitegi berberak herritarrari zuzenduriko informazioa euskaraz ere izan behar duela gogorarazi dio Iruñeko Udalari, udal ordenantzek dioten bezala. Maria Jesus Aranda Nafarroako Arartekoak, bestalde, Iruñeko Udalak hala eskatzen duten herritarrei harrera euskaraz ez egitea salatu berri du. Hala ere, UPNk muzin egiten dio guztiari eta bere estrategiarekin tinko jarraitzen du.