argia.eus
INPRIMATU
NERABEAK ETA DROGAK
Jabier Agirre 2002ko abenduaren 08a
Hamabost urtetik hamazazpira bitarteko euskal gazteen erdia ia ohizko edale bezala hartzeko modua ematen digu Eusko Jaurlaritzaren Droga Menpetasuneko Idazkaritzak egindako azterketak. Eta aurreko datua kezkagarria bada, beste bat ere ezin ahantz dezakegu: gazte horietako %15ak haxixa edo marihuana hartzen du nahiko maiz.

Azterketak dioenez, euskal gazteen %70 baino gehiagok alkohola kontsumitzen du, %39ak tabakoa eta %29ak cannabisaren eratorriak, gainerako substantzien kontsumoa dezente jaisten den bitartean (% 7ak speed eta anfetaminak, %4k kokaina, %3k estasia eta %1ek LSD).
Tabakismoaren inguruko datuak bereziki larriak dira adin horretan. Horrela, EAEn tabakoa kontsumitzen dutenak %30 diren arren biztanle guztien artean, tasa hori %39ra igotzen da gazteetan, eta %50eraino 19-22 urtekoen artean. Eta okerrena ez da hori, ohituraren joera erabat aldatu baita azken urteotan: gaur egun inoiz baino gehiago dira erretzen duten gazteak, eta gainera gehiago erretzen dute. Eta zergatik eman da aldaketa hori? Gazteek badakite tabakoa kaltegarria dela, baina hala ere kontsumoari ekiten diote, beren "oinarrizko identitate ezaugarritzat" hartzen dutelako.
Badira, hala ere, batere alkoholik edaten ez duten gazteak edo oso gutxi edaten dutenak (3tik 2). Lan egunetan, berriz, proportzio hori %93raino igotzen da. Jai egunetan, gazteen %10 gehiegizko edale bilakatzen da, eta ia %7 neurriz kanpoko edaletzat hartu beharrekoa da. Zifra beldurgarriak benetan!