Baserritar eta nekazari asko ziren ZERUKO ARGIAren irakurle, eta haiei zuzendutako saila zeukan aldizkariak, Jose Alkizaren ardurapean. «Eta nondik jan?» izenburu borobila zeukan Jose Alkizaren sail horrek, bestenaz «Nekazaritza an eta emen» titulua bazuen ere. Dena den, esanguratsuagoa deritzot «Eta nondik jan?» horri, batik bat 1972ko azaroaren amaiera hartan esnearen ugaritasuna zela-eta, erabat kezkati agertzen zelako Jose Alkiza.
ESNE GEHIEGI
«Badarabilkigu naiko komeri esnea delata -zion Jose Alkizak-. Euskal Errian aspalditik sortzen da bertan edaten dan baiño esne gehiago, baiña emengo esne-zentralak erraz saltzen zuten Espaiñia barruan sobratzen zitzaigun esnea. Oraindik urtebete izango da, gehinaz ere, esne bei gutxiegi zegoelako Espaiñiako gobernua milloiak gastatzen ari zela dibisetan, kanpotik esne garraio. Bazen orduantxe ere negarra eta lantua eta baserritarrari esne gehiago atera zezala esan beharra. Gu prezioaz kejatzen giñen, merke zegoelako, ain merke ezin zitekeela esnerik sor. Igo ziguten prezioa eta asi zen esnea ugaltzen. Orain zer da eta sobra dagoela, esne-zentralak sekulako mantekilla eta esneauts pillak egiten ari direla, jendeak ez duela lehen ainbat esne edaten, Galizian esnea putzura botatzen ari direla... eta abar».
Zer zela eta sobratu ote zen esnea? Jose Alkizaren esanetan, «eguraldiak du kulparik gehiena. Bai jauna. Ez arritu. Nekazaritzan eguraldiak zerikusi aundia du. Aurten Espaiñiako egoalde guztian eta erdi parean ere bai, euria erruz egin du udan eta udazkenean. Beste urtetan udaberria amaitu orduko lehortu egiten zaizkie bazterrak eta beientzat janari eze eta berderik gabe gelditzen dira. Beste gabe, beiak lehorra janez daudelako, askoz esne gutxiago ematen dute eta iparraldetik garraiatzen dan esnearekin osatzen dira ango artzaileak. Aurten uda eta udazkena ere bai, busti joan zaie, ez da larrerik ahitu, eta beiak ematen segitu dute. Ez da izan iparraldetik esnea garraiatu beharrik eta jakiña, Asturias eta Galizia aldean, Andaluziara bialtzen zutena udaberrian bezalatsu esnea sobratu egin zaie».
JENDEAK ESNE TXARRA NAHI EZ
Horrez gain, jendeak ez zuela lehen hainbat esne edaten, eta haren balizko zergatia azaltzen saiatzen zen Jose Alkiza: «Beti ere udazkena izaten da esnerik gutxien saltzen den bolada, umeak eskolara asten diran garaia. Etxekoandreak nahiko lan izaten du nonbait, seme-alaben eskola liburuak, jantziak eta oiñetakoak pagatzen, eta jan-edanean zuhurxeago ibili behar. Bestalde udako turistak aldegiñak dira.
Aurten, Orrezaz gaiñera, zenbait esne-zentrali multa bota diotelata, sekulako iskanbilla armatu da periodikoetan. Etxekoandreek esne txarra saltzen dietela jakin dutenean, utzi egin diote erosteari. Espaiñia guztian %17 jetxi omen da esnearen kontsumoa».
Baina Jose Alkiza ez zetorren bat jendearen konportaera horrekin: «Nere ustez tiroak oker joan dira, behar ez zan tokira tira dituzte. Egia da, bai, zenbait esne-zentralek esne txarra saltzen zutela, baiña orrek ez du esan nahi esne ori edateko txarra zanik, gaitz egingo zukeenik, gorputzari kalte egingo ziokeenik, falsifikatua zegoela baizik, esneak berekin euki behar dituen gauza guztiak ez zeduzkala, behar bada ‘garbiegia’ zegoela.
Gaiñera, multa guztiak ez dira izan esne txarra saltzen zutelako. Gradutan edo neurritan iristen ez ziralako ere, izan dira multak. Baiña zeiñi zergatik eman zitzaion argitzen eta garbitzen iñor gutxi saiatu da. Denak zaku berean sartzearekin nahaspilla areagotu besterik ez da egiten. Bestalde, eta au ere oso gogoan eukitzekoa da, multa oiek zigortzen zituzten oker guztiak ez dira oraingoak, azkeneko lau-bost urteotan zehar egiñak baizik. Orain ordea denak batera azaldu eta zigortu dira. Iskanbilla franko sortu dute, ez dakit erruduna eskarmenta araziko zuten... eta bitartean etxekoandreei esnea edateko bildurra sartu».
PUTZURA BOTATAKO ESNEA
Eta hori gutxi balitz, Galizia aldean baserritarrak esnea botatzen ari omen ziren, esne zentralek hartu nahi ez zietelako.
«Asteko esan behar da, zentral oiek ez direla baserritarrenak, kooperatibak, dirudun batzuenak baizik, SA-k. Komeni zitzaien arte erosi diete esnea baserritarrei, eta komeni ez zitzaienean, or konpon esanda, utzi dituzte. Orain arte, esnea eskas baitzegoen, arrapazka ibilli dira esnea biltzen, batak besteari bezeroak kentzen. Zenbait baserritar, gaur oni eta bihar hari esnea saltzen aritu da, batak baiño besteak erreal bat gehiago pagatzen ziolata.
Orain esnea ugaldu da. Zentralek saldu ezin ala biltzen dute, eta ez batak eta ez besteak ez dio erosi nahi. Or gelditu da nekazari gizajoa bere esnea iñori saldu eziñik. Beren amorrua azaltzeko, esnea putzura bota dute.
Eta bitartean zentralak? Zentralak legean dabillela esango du, ez zutela egin segitzera behartzen duen kontratorik eta... arrapa zak».
Besteen bizkar hartutako eskarmentua gauza ona delakoan, honela zioen gizonak ondorio gisa: «Emengo baserritarrari asko pentsarazi beharko liokeen gertakizuna da au. Zer balio du, esnea eskas dagoenean, erreal bi edo pezta bat gehiago artzeak, urrena ugaltzen denean zeiñi saldurik ez duela gelditze ezkero?»