argia.eus
INPRIMATU
Erasoa euskal ekonomiari
Baleren Bakaikoa Azurmendi 2002ko azaroaren 24a
Begi bistakoa da Ibarretxeren proiektuak hautsak asko harrotu dituela. Ez dakit ondorio hori aurreikusten zuten lehendakariaren aholkulari politikoek, baina helburu hori lortzea nahi bazuten, pozik egotekoak dira. Jakin dugunez, emaitzak ez dira espero epe laburrean, baizik eztabaida piztea da lehenengo urratsa, jendea kontzientziatzea eta epe ertain batean estatutu berri bat negoziatzea, Errepublika garaian egin zen antzera. Gainera, kontutan izan behar da, ez dela berdina oposizioko alderdi batek honelako planteamendu bat kaleratzea edo gobernuak egitea, alderdi agintariak legitimitate gorena baitu sistema demokratiko batean.

Eztabaida kaleratu da eta Madrilek burutu nahi duen «gerra ekonomikoa»ren mamua era azaldu zaigu. Izan ere, Mikel Buesa katedradunak «El Coste de la No-España» izenburua duen artikulua irakurtzeko parada izan dugu, non EAEren ekonomia lur jota geratuko baita independentzia lortzen denean. Beraz, garbi geratu da artikulu horren hipotesiaren arabera, EAE (edo Hego Euskal Herria) eta Espainiako gobernuaren arteko akordio baketsurik ez dela inoiz izango hemengo estatusa aldatzerakoan. Hori lehenengo ondorioa.
GERO, bat besteren atzetik hipotesi faltsuak erabiltzen ditu, zein baino zein irrealago, eta «demostratzen» digu hemengo errenta izugarri eroriko litzatekeela Espainiatik bananduz gero. Baina, Buesa katedradunak ez digu ezer esaten Francoren garaian Estatuak Hego Euskal Herritik, batik bat Bizkaia eta Gipuzkoatik, eramaten zuen dirutzaz. Francoren politika horren ondorioz, izugarrizko defizitak sortu ziren azpiegituretan Bilboko Merkatal Ganbarak azaldu zigun bezala diktadorea hil ondoren. Buesa jaunak ere ez digu ezer azaltzen gaur egun Kupoaren bidez gobernu zentralari ordaintzen diogun diru-kopuruaz: izan ere, administrazio zentralak gordetzen dituen eskuduntzak oparoki finantzatzen ditugu, horien artean Espainiaren batasuna bermatzen duen armada (Konstituzioaren 8. artikulu famatua) edo elkartasun funtsa non dirua ipintzen dugun eta ez jaso, edo Gizarte Asegurantzak EAEn duen soberakina, zeina gobernu zentralak kudeatzen duen. Beraz, Ibarretxek aipatu ere egiten ez duen euskal estatu independente horrek nahiko baliabide publiko izango luke bere gastu propioak estaltzeko, baita gaur egun dugun gastu-maila gehitzeko ere.
BUESA katedradunaren hipotesiek beronek nahi dituen helburuetara garamatzate. Baina edonork demostra dezake justu alderantzizkoa. Hala ere, kezkatuta nago euskal ekonomilariek ez diotelako erantzun. Non daude, beraz, Jaurlaritzarentzat ekonomia-ikerketak egiten dituzten euskal unibertsitateetako katedradun, irakasle edo ikerlariak. Une egokia da eztabaida ekonomikoa irekitzeko, sakontzeko eta ekarpenak ezagutzeko. Isiltasuna susmagarria dateke.
Buesa katedradunaren kritika hor dago, baina teoria mailan geratzen da eta ez da hain kezkagarria. Kezkagarria dena Madrilek ezkutuan daraman gerra ekonomikoa da. Hor daude, alde batetik, egun hauetan Kontzertu Ekonomikoari eginiko helegiteak. Bestetik, Bizkaiko oligarkia historikoak sortu eta gero garatu zituen banku erraldoien (BB eta BV) deserritzea nabarmena da, nahiz egoitza sozialak hemen jarraitzen duen. Antzeko zerbait gerta daiteke Iberdrolarekin, Gamesa, eta beste askorekin. Beraz, estatuak bitarteko guztiak erabiliko ditu, horien artean ekonomikoak noski. Euskal Herriko agintariek enpresa horiek ordezkatzeko estrategia eratu beharko dute, horretarako baliabideak baldin badaude bederen.
Bestalde, aipatu politika hau ez du gobernuak bakarrik burutzen, estatu-politika moduan dago diseinatua, eta PSOEk jarraitu egiten dio Estatuko alderdi hegemonikoari. Euskal Herrian, aldiz, ez dago nazio-politikarik eta alderdi bakoitzak, hegemonikoa izan ala ez, berea egiten du eta honela ezin zaio aurre egin estatu-politikari. Beraz, EAEn oinarrituta, nazio-politika bateratua diseinatu behar da, okerrera egin nahi ez bada, Nafarroan bezala